INFO

Denona eta denontzako eskola publikoaren aldeko mobilizazioa egingo dute Gasteizen

Maiatzaren 25ean Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak mobilizazio erraldoia egingo du eskola-segregazioaren aurka. 18.00etan abiatuko diren zutabeek bat egingo dute 18.30ean Andre Mari Zuriaren plazan.

Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformaren prentsaurrekoa. (Juanan RUIZ/FOKU)

Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak «mobilizazio erraldoia» egingo du maiatzaren 25ean «denona eta denontzako eskola publikoaren alde eta eskola-segregazioaren kontra».

Prentsaurreko batean azaldu duten bezala, plataforman «bi urte daramagu irakasleen, familien eta ikasleen artean eraiki nahi dugun eskola publikoa defendatzen, aniztasunaren, inklusioaren, kalitatearen, laikotasunaren eta euskalduntzearen esparrua, maila sozio ekonomikoaren, sexuaren, jatorriaren edo sinesmenen gainetik, baldintza berdinetan denona eta denontzat den eskola, euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duena».

«Horregatik sumindu egiten gaitu orain arte izan diren euskal gobernuek eskola publikoarekiko azaldu duten etengabeko utzikeriak. Hezkuntza-ereduen arteko ezberdintasunak eta lehiakortasuna eragiten dituzten politika neoliberalak ezarri eta, heziketarako eskubidea ikastetxea aukeratzeko eskubidearekin nahastuz, jatorrian, hizkuntzan, klase sozialean edo sinesmenetan oinarritutako familien sailkapen onartezina sortu dute. Hartara, eskola publikoak berez duen babeserako bokazioaren ondorioz eman den aniztasuna, segregazio bihurtu da hainbat eta hainbat tokitan», gaineratu dute.

Zentzu honetan, gaur egun hezkuntza sistemak desberdintasunak «errepikatu eta areagotu» egiten dituela salatu dute. «EAEn, baliabide urriko familien edo etorkinen %75a eskola publikoan dago. Gasteizen, kasurako, portzentaje hau %92ra iristen da Haur eta Lehen Hezkuntzan», nabarmendu dute, eta eskola-segregazioarekin amaitzeko berehalako neurriak proposatu dituzte. Besteak beste: eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortzea; diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna bermatzea; heziketa laikoa jasotzeko eskubidearen bermea izatea; eta hezkuntza-itunen orokortzearen politikaren amaiera.

«Beharrezkotzat jotzen dugu hezkuntza-itunak ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin lortzea. Beraz ezin dira inolaz ere diru publikoarekin finantzatu hezkuntza-egitasmo elitista eta segregatzaileak», adierazi dute.

Mobilizazioari dagokionez, 18.00etan hiru zutabe aterako dira Abastos Plaza, San Anton Plaza eta Prado parketik. Zutabe hauek, musika, trikitilari, hankapalo eta abarrekin, bat egingo dute 18.30ean Andre Mari Zuriaren plazan. «Bertan, nahi eta merezi dugun eskola publikoaren eraikuntza sinbolikoa egingo dugu, Gasteizko eskola publikoetako guraso elkarteei eta hainbat kolektibori banatutako kartoi kaxekin. Kaxa hauetako bakoitzean idatzita, dagoeneko eraikitzen ari garen eskola publikoaren ezaugarriak agertuko dira eskoletako hainbat ikaslek irakurriko dituztelarik».