INFO
Interview
JOKIN ALTUNA
ASPEKO PILOTARIA

«Artista deitu didatenean ez dut ezer esan, kolperik ez dudala diotenean bai»

22 urte bete berri, txundituta utzi ditu pilotazaleak amezketarraren garapen bizkor eta, momentuz, geldiezinak. Ez zen aurtengo finalerako kinieletan sartzen, baina «merezimendu osoz» sartu da. Aimar Olaizola izango du parean, berak baino 16 urte gehiago dituen pilotaria eta lehendik manomanistako bederatzi final jokatutakoa. «Horrekin dena esanda dago».

This browser does not support the video element.


Berriz ere Amezketako udaletxea parez pare ireki digute Jokin Altunarekin egon ahal izateko. Kantxan bezala, emandako aurrez aurreko elkarrizketetan ere bere adinerako ezohiko solturarekin aritzen da Jokin.

Asko ezustean harrapatu gaitu Jokin Altuna buruz buruko finalean ikusteak. Zu?

Bai, azkenean nik ere ez nuen uste, txapelketa hasi genuenean, finalera helduko nintzenik. Baina orain ez nago harrituta, uste dut merezimendu guztiarekin nagoela bertan, jokatu ditudan partida guztietan aurkaria baino gehiago izan naizela uste baitut. Hori bai, ni ere harritu egin nau hain goiz sartu izana kantxa guztian finalean.

Hori da kontua, ez? Finalera inoiz helduko zinela bai, baina 22 urterekin?

Nik baneukan esperantza, handia gainera, egunen batean buruz buruko finalera helduko nintzela, eta ilusio handia daukat urteren batean txapela lortzeko ere. Baina ez nuen espero hain goiz helduko nintzenik finalera. Baina orain daukagu aukera eta saiatuko naiz.

Aimar ere ez zen kiniela askotan ageri. Zurean?

Ez nau harritu. Azkenean, zozketa egin zenean pentsatu nuen aukerak izango zituela, handiak, finalean sartzeko. Berak aurkari arriskutsuak zeuzkan, baina dohain handiak ditu distantzia guztietan jokatzeko eta beti da aurkari arriskutsua.

Pilotazalearentzat final ezusteko bezain erakargarria...

Bai, nik uste polita dela, biok ere joko antzekoa dugu; jotzaileak ez garela esan nahi dut horrekin. Nik uste partida berdintsua izatea badaukala. Gero ez dakizu askotan nola izango den, baina nahiko berdindua ematen du.

Zu izan zaitezke Aimarren pilotaririk antzekoena?

Ez dakit, nik uste engainatu egiten duela berak. Partidetan berez ematen duena baino gehiago jotzen du Aimarrek: pilota asko luzatzen du. Agian ez gara jotzaileak, baina berari pilota luzatzea gustatzen zaio asko, eta, niri, partidari erritmoa sartzea. Ikusi egin beharko nola doan finala.

Bitxia da, berak ere oso antzeko kontuak esan zizkidan zure inguruan, jendeak uste baino kolpe gehiago duzula...

Agian, elkarren aurka jokatuta konturatzen zara gauza horiez, eta, bera ere hortaz konturatu bada, hala izango da... Askotan, kanpotik, pilotari bat joko estiloa batekoa edo bestekoa delako, esaten zaio hori badaukala baina beste halako falta zaiola. Eta nik beti esaten dut: buruz buru lau onenen artean egoteak esan nahi du oso pilotari konpletoa dela, eta, finalean egoteak, are gehiago.

Errazegi jartzen ditugu etiketak; esaterako, zu artista zara?

Hori da, etiketak erraz jartzen zaizkie kirolari guztiei eta nik uste dut goi mailan ez dagoela egoterik batetik asko eta bestetik ezer ez badaukazu. Nik uste denetik eduki behar dela pixka bat; batzuk gauza batetik bestetik baino gehiago izaten dugu, baina nik uste dohain guztiak behar izaten ditugula.

Horrelakoak pilotariontzat mingarriak izatera iristen al dira? Sarri esan duzu: «ez naiz jotzailea baina ezta horren motza ere».

Bai, niri artista deitu izan didatenean ez dut ezer esan, baina, esaten zaidanean kolperik gabeko pilotaria naizela, orduan bai esaten dudala ez dela horrela. Nik uste dut ez naizela jotzailea baina ezta kolpe gutxiko pilotaria ere.

Zure kasuan, gainera, garapen bat ikusten da, 22 urterekin, normala ere badena...

Nire ustez halaxe da, kirolari guztiek, eta pilotan argi ikusten da, hobera egiten dute urteak aurrera joan ahala. Normala hori da. Azkenean, 18 urte dituzuenean adinez nagusia edo gizona zarela suposatzen da gauza batzuetarako, baina hobetzeko gauza asko dituzu, bai esperientziaz, bai buruz, bai fisikoki... Frontoian bertan ere dena duzu ikasteko eta beti esaten dut gaur egungo pilotarietan hori ikusten dudala, onentsuenak direnak beti hobetzen joaten direla.

Lehenago aipatu duzu: «Aimar konturatu bada kolpe gehiago dudala...». Zuk nabari al duzu ?

Ni hobeto sentitzen naiz orain duela urte batzuk baino. Esan dizudana, normaltzat jotzen dut, garapen bat egon da lau urteotan; gehiago eutsi, pilota urrutirago jarri, lan gehiago egiteko ahala... Garrantzitsua da.

Eta zertan hobetu nahi zenuke hemendik aurrera?

Denetik pixka bat. Orain arte hobetzeko aukera izan badut, nik uste hemendik aurrera ere badudala aukera hobetzen jarraitzeko; helburua hori da, dudarik gabe. Nik uste fisikoki tartea badudala oraindik, 22 urte ditut baina ez naiz gizon bat bezala ikusten. Uste dut 22 urterekin oraindik beste gauza batzuk hartzeko daudela, frontoian ere ikasteko asko dago. Batzuetan ematen du eta iruditzen zaizu jokaldi bat ondo menderatzen duzula, baina, gero, partidako momentu egokian jakin behar duzu egiten, emozioak kontrolatzen ikasi eta momentu garrantzitsuetan ondo egoten.

Urrutikoetxearen aurka begira zer-nolako aldea orain dela bi urte eta aurten...

Hobetu dudala ikusi dut. Egia da partida guztiak desberdinak direla, baina lehen partida hartan ikaragarri agindu zuen berak eta orain hori aldatu egin da.

Zertan nabaritu duzu alderik handiena?

Igual lehen lautik eta txukun aritzen nintzen, baina bostetik edo seitik, besagain eta jotzerako garaian aurreraxeago uzten nuen. Orain, egia esan, urrutirago ateratzen dut pilota eta garrantzitsua da.

Errestoan ere oso ondo ikusi zaitugu.

Egia esan, bai, errestatzerako garaian konfiantzaz nabil; sake zailak eraman ditut eta garrantzitsua da. Ondo sartu zait pilota txapelketa honetan, direkzio onarekin, nerbioarekin sentitu naiz.

Lau eta Erdiko bi finaletan izandakoa zara. Manomanista desberdina al da?

Igartzen dut jendea harrituxeago dagoela, ez zuela espero finalean sartzea. Lau eta Erdiko lehen finala galdu nuenean nabaritzen nuen jende guztiak esaten zidala «aurten finalera bai, finalera bai»; nik, berriz, «lasai egoteko». Oraingoan, aldiz, inork ezer ez, eta kontziente nintzen jendeak ez zuela uste finalean sartuko nintzenik.

Eta Aimarren aurka jokatzea? Historiako handienetako bat da goizuetarra.

Bai, dudarik ez, motibatu egiten zaitu. Partida garrantzitsu asko jokatu ditut bere aurka, baina finalik ez. Motibatu egiten nau.

Irujozalea izan zara beti. Irabazten badizu txapeletan berdinduko lukete biek...

Horretan ez dut momentu bakarrean ere pentsatu. Lehen, debutatu aurretik, ni oso Irujista nintzen, eta, Aimarren aurka jokatzen zuenean, beti Irujoren alde. Baina debutatu nuenetik Aimarrekin harremana oso ona izan da, beti oso ondo tratatu nau eta berari debozioa baino ez diot. Benetan, pertsona bezala irabazi nau.

Denbora asko daramazu exijentzia maila handian...

Bai, ez da erraza. Azkenean batzuetan jendeak ez dizu ondo jokatzea exijitzen, irabaztea eskatzen dizu. Partida batzuetan izan dut sentsazioa hobeto aritu arren, partidaren bat galdu duzulako presioa sartzearena zure buruari. Eta beste batzuetan, berriz, ez duzu hain ondo jokatu baina irabazi eta lasai joaten zara etxera. Baina ez naiz presioarekin gehiegi urduritzen. Esan nahi dudana da ez naizela horretan pentsatzen ibiltzen eta saiatzen naizela ahal dudan guztia hobetzen.

Irakasle izateko ikasten ari zinen. Jarraitzen al duzu?

Aurten, egia esan, bigarren hiruhilekoan nahiko aparte utzita izan dut. Praktiketan eta izan nintzen, baina, hortik aparte, irakasgaiak eta, ez dut aukera handirik izan egiteko. Baina finala jokatu ondoren bi asteko oporrak izango ditugu eta ikasteko ondo etorriko zaizkit. Saiatuko naiz aprobetxatzen.