Ekai gogoan, transfobiaren aurka dantzan altxatu dira Ondarroako ikasleak
Otsailean hildako ondarroar gaztea gogoratuz, ‘Ondarroa aniztasunaz busti’ herri Lip-duba egin zuten herriko ikastetxe guztietako ikasleek LGTBIQ Fobiaren aurkako nazioarteko egunean.
Pasa den ostegunean lesbofobia, homofobia eta transfobiaren aurka altxatu ziren herritarrak, maitasunaren kolore aniztasuna haizeratuz. Maiatzaren 17an, LGTBIQ Fobiaren aurkako nazioarteko egunean, 1990ko maiatzaren 17an homosexualitatea Osasunerako Mundu Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendetatik kendu izana ospatzen da. 28 urteko ibilbide honetan bidea ibili den arren, egutegian kolore anitzez seinalatutako eguna kontzientziak astintzeko aproposa da.
Ondarroan adibidez, Udaleko Hezkidetza Egitasmoak sustatuta ‘Ondarroa aniztasunaz busti’ herri Lip-duba egin zuten herriko ikastetxe orotako ikasleek. Zaldupe, Zubi Zabar Ikastola, Txomin Agirre Ikastola eta Institutuako ikasleek aniztasun sexualaren aldarria atera, eta Ondarroako txokoetatik zabaldu zuten. Hezkidetza egitasmoak ikastetxeen espaziotik atera eta klabe komunitarioan kokatzeko erabili zuen Ondarroako Udalak maiatzaren 17ko data esanguratsua.
Lip Dub-a gainera, otsailean hildako Ekai herrikide transexualaren omenez egin zuten. Hala nabarmendu du bederen egitasmoa interneten zabaldu duen Etxelila Emakumin Topalekuak, «zeuatxik Ekai» dio iruzkinean.
Gatibu taldearen ‘Aske maitte’ abestia ozen entzuten zen bitartean, Ekai gaztearen aita eta ama ikusle gisa izan ziren eta «une benetan ederrak» bizi zituztela aitortu du Facebooken Ekairen aita Elaxar Lersundik; «grabazioa amaituta gainera, umeak guregana bertaratu eta euren eskuekin egindako marrazki eta kartulinak oparitu zizkiguten. Oso oso ederra, benetan», gehitu du.
Pasa den otsailaren 15ean aurkitu zuten Ekai gaztearen gorpua. 16 urte besterik ez zituen baina Chrysallis Euskal Herria taldeak orduan esan bezala, «eguneroko borroka gehiegiei aurre egiteko ezintasunak» eraman zuen Ekai.