INFO

Euskal monetaren erabilpena sustatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Ziburun

Euskal moneta elkartearen babesarekin, hainbat ekimen antolatu dituzte aste honetan euskoaren erabilpena sustatzeko. Ekimen gehienak Ziburun eginen badituzte ere, tokiko monetaren lagunak Donibane Lohizuneko merkatura hurbildu dira, euskoaren erabilpenaren xehetasunak emateko.

Donibane Lohizuneko merkatuan izan dira gaur euskoaren erabilpenari buruz azalpenak ematen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Hartara, euskoaren erabiltzaileek nola jokatzen duten dirua trukatzeko, kontu korrentea irekitzeko edo dirua ateratzeko orduan azaldu diete azokara erosketak egitera hurbildu diren herritarrei zein merkatuko saltzaileei.

Etzi arratsaldean Ziburun antolatutako ekimenak beste giro batean garatuko dute. Frontoiaren inguruko lau ostatuetan -Maitenia, Bittor,  Atalaia eta Boga- ostegunero ospatzen den pintxo potea baliaturik, euskoaren aldeko lagunek zenbait joko prestatu dituzte jeandeak tokiko monetaren aldeko hautua egin dezan animatzeko.

Ekainaren 1ean, berriz, ‘Euskoari buruz jakin nahi izan duzun guztia...’ lelopean hitzaldia antolatu dute, arratsaldeko 19.00etatik aitzin, Baltsa elkartean.

Ekimenaren bidez, komertsanteak, laborariak zein elkarteetako kideek euskal monetaren erabilpenari buruz dituzten esperientziak plazaratuko dituzte, era berean euskoaren erabilpen eremua zabaltzeko dituzten ideiak partekartuz.

Sensibilizazio asteari amaiera emateko, heldu den igandean euskoaren bultzatzaileak Ziburuko merkatura hurbilduko dira. Bertan, hainbat animazio eskainiko dute eta informazio mahaia ezarriko dute jendarteari helarazi asmoz.