Ipar Euskal Herriko ikastolen kexua, agerian berriz ere
Datorren ikasturtea «baldintza duinetan» hasi eta horretarako behar diren irakasle lanpostuak bete daitezen exijitzeko 30etik gora elkarretaratze egin ditu Seaskak. Parisko Gobernuak «Ipar Euskal Herriaz paso» egiten duela gaitzetsi du Hur Gorostiaga elkarteko zuzendariak.
«Kasu, ikastolak kexu» aldarria ozen entzun da asteazken honetan ere Ipar Euskal Herrian, asteazken honetan 36 ikastola dauden 32 herrietan elkarretaratzeak antolatu baititu Seaskak.
Garaziko ikastola kexu ! pic.twitter.com/UUjQruPxvr
— Pantxika Arrambide (@txiktxik) 2018(e)ko maiatzaren 30(a)
2018-2019 ikasturtea «baldintza duinetan» egin ahal izateko Seaskak 25 lanpostu behar direla azpimarratzen duen arren, Hezkuntza Ministerio frantsesak 5,5 baino ez ditu eman nahi.
Elkarretaratzea eta danborrada Ziburun. Piarres Larzabal kolegioko ikasle, buraso eta irakaslek ere: #kasuikastolakexu pic.twitter.com/wnjMbMdO9Y
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) May 30, 2018
ETBri eginiko adierazpenetan, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak azaldu du euskal diputatu eta senatariak Parisko Gobernuarekin bilkura bat eskatzen ari direla, baina ez dutela inolako erantzunik jaso. «Badirudi hau adar jotze bat dela, Ipar Euskal Herriaz paso egiten duela Frantziak eta parlamentariei ere ez diela hitzordua eman nahi», esan du.
Arratsaldean Hendaian eta Ortzaizen egingo diren elkarretaratzeez gain, beste bi hitzorduren berri eman du Seaskak. Bihar, Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean egingo du, arratsaldeko 19.00etan, eta larunbatean, Senperen, Finantza ministro frantsesak daukan bigarren etxebizitzaren baratzean «piknika» egingo dute.