Fdez. de Pinedo eta Larrion, EH Bilduren Araba eta Gasteizko zerrendaburuak 2019ko bozetan
Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion izango dira, berriro ere, Arabako Batzar Nagusietarako eta Gasteizko Udalerako EH Bilduren zerrendaburuak 2019an egingo diren udal eta foru hauteskundeetan.
EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, izena emateko epea agortuta, bai Arabako Batzar Nagusietarako eta bai Gasteizko Udalerako hautagaitza bakarrak aurkeztu dira, Kike Fernandez de Pinedorena eta Miren Larrionena, hain zuzen ere. Horren ondorioz, ez da bozketarik egingo eta Hauteskunde Batzordeak zerrendaburuak izendatu ditu.
Bi hautagaiek indar abertzalearen Arabako Mahai Politikoaren aho bateko babesa jaso dute.
Bere oharrean nabarmendu duenez, Arabako Mahai Politikoaren hausnarketaren arabera, Fernandez de Pinedo eta Larrion dira «momentu honetan EH Bilduk Araba eta Gasteizentzat duen proiektu politikoa hobekien ordezkatzen duten» hautagaiak.
«Luze erakutsi dute euren gaitasuna eta herrialde zein hiriburuarekiko daukaten konpromiso eta ardura maila eta, ondorioz, irabazita dute ere herritar askoren artean Arabako ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate izateko sinesgarritasun eta konfiantza maila», azaldu du EH Bilduk Araban duen arduradun politikoak, Ibon San Saturninok.
2015eko udal eta foru hauteskundeetan ere Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion izan ziren EH Bilduren zerrendaburuak Batzar Nagusietarako eta Gasteizko alkatetzarako.
Fernandez de Pinedo Euskal Filologian lizentziaduna da eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Egun Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramailea da.
Larrion Industria Ingeniaritzan doktorea da, EHUko irakaslea eta UEUko kidea. Legealdi honetan Gasteizko EH Bilduren bozeramailea da eta 2016tik legebiltzarkidea Gasteizko Parlamentuan.