INFO

346 proposamen jaso ditu Udalak datorren urteko aurrekontuetarako

Bilboko Udalak herritarrek egindako 346 proposamen jaso ditu, 2019ko udal aurrekontuetan sartzeko. Jasotako proposamenen kopurua %20,5 igo da, iazkoarekin alderatuta.


Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziak ekimenaren harrera ona azpimarratu du. «Herritarrek parte hartzeko proiektu hau sendotzen ari da. Aurten ere, herritarrek udalaren kudeaketan laguntzeko borondatea agertu dute, bilbotar guztien bizimoduaren kalitatea hobetzeko proposamenak eginez. Ekimen honi esker, Udalak aurrera egiten du herritarrei udalaren kudeaketa hurbiltzeko helburua lortzeko», azaldu du.

Orain, udal sailek jasotako proposamenen edukia eta bideragarritasuna aztertu behar dute, ikuspuntu juridikotik eta teknikotik. Proposamen bakoitzeko ustezko kostu ekonomikoa ere zenbatetsiko dute. Guztira, gehienez 500.000 euroko gastua izango da, hau da, parte hartze bidezko aurrekontuetarako esleitutako bi milioi euroko kopuruaren %25 izango da gehienez. Sailek proposamen batzuk lehenetsiko dituzte, eta horiek jasoko ditu 2019ko udal aurrekontuaren proiektuak. Proposamenok www.bilbao.eus webgunean argitaratuko dira.

Jasotako 346 proposamenetatik bakarra kendu behar izan da, eduki iraingarria izan duelako. Aurkeztutako proposamenetan era askotako gaiak agertu dira, udal sail gehienei dagozkien gaien inguruko proposamenak aurkeztu baitira. Ekipamenduei (%39,3), irisgarritasunari (%12,4), mugikortasunari (%11,8) eta hiri garapenari (%9,25) dagozkie proposamen gehienak. Jarduketak zein barrutiri dagozkion erreparatuz gero, gehienak hiri osoari dagozkio (%26,30), eta barrutietan proposamen gehien jaso dituena Ibaiondo izan da (%21,97).

Banaka egindako eskaerak ugariagoak izan dira erakundeek edo elkarteek egindakoak baino, eta gehiago izan dira modu digitalean aurkeztutakoak aurrez aurre aurkeztutakoak baino. Sexuari erreparatuta, emakumezkoek gizonezkoek baino eskaera gehiago egin dituzte.