INFO

Inteligentzia ikuskaritza bat sortu du Bilboko Udaltzaingoak

Zazpi udaltzainek osaturiko Inteligentzia ikuskaritza sortu du Bilboko Udaltzaingoak. Jarduera nagusia da krimenei eta istiluei buruzko informazioa, eta atentatu arriskuen inguruko informazioa jasotzea eta aztertzea.

Aburto eta Tomas del Hierro Udaltzaingoaren arduradunekin. (Bilboko Udala)

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea gaur bildu da Bilboko Udaltzaingoaren Analisiaren eta Inteligentziaren Ikuskaritza berria osatzen duten agenteekin. Udaltzaingoaren barruan unitate honen zeregina zein izango den zuzenean jakiteko egin dute batzarra.

Ikuskaritza berria gaur hasi da lanean. Zazpi udaltzainek osatzen dute eta guztiek dute esperientzia handia, Udaletik azpimarratzen dutenez. Ildo horretan, «auzo-poliziaren eredura hurbiltzeko» asmoarekin bat etorrita sortu dute ikuskaritza berri hau.

Lanean hasi aurretik udaltzainek prestakuntza aldi bat egin behar izan dute Ertzaintzaren Analisiaren eta Inteligentziaren Bulegoan. Ikuskaritzaren jarduera nagusia da krimenei eta istiluei buruzko informazioa jaso eta gerta daitezkeen atentatuen inguruan informazioa jasotzea, tratatzea eta aztertzea.

Ikuskaritza berriko kideak Ertzaintzaren inteligentzia-zerbitzuekin koordinaturik eta elkarlanean arituko dira. Bost gizon eta bi emakume daude unitate berrian. Udaletik nabarmentzen dutenez,  «auzo-ikuskaritzetatik datoz, esperientzia luzea dute patruilatzen eta 36 eta 44 urte bitartekoak dira». «Agente hauen artean badira Zuzenbidean, Informazio Zientzietan, Psikologian lizentziatuak eta Zuzendaritzako Idazkaritzan eta Marketingean diplomatuak. Kriminologian, Kudeaketa Komertzialean eta Marketingean masterrak dituzte eta hizkuntza batzuk menperatzen dituzte. Gainera, polizia-arloan prestakuntza berezi handia dute guztiek», azpimarratzen dute.