INFO

Vendetta, Dvicio, Zea Mays edo Marky Ramone, Donostiako jaietan Saguesen joko dutenen artean

Donostiako Aste Nagusiko kartel eta kontzertuak jakitera eman ditu gipuzkoar hiriburuko udalak. Izozki batek emanen dio irudia jaiei. Taula gainera igoko direnen artean, aldiz, Amaia Montero donostiarra, Iseo & Dodosound eta Vendetta talde nafarrak, Jarabe de Palo edo Ramones taldeko kide izan zen Marky Ramone.

Jaietako eta su artifizialen kartela ere iragarri du Donostiako Udalak. (@donostiafestak)

Abuztuaren 11 eta 18 bitartean iragango da aurtengo Donostiako Aste Nagusia. Bi hilabete falta direnean, gipuzkoar hiriburuko Udalak kartela iragarri du, izozki bat protagonista duena. Era berean, egun horietan zehar taularatuko duten musika eskaintza ere jakitera eman dute.

Jaien lehen egunean etxeko bat izanen dute protagonista Sagueseko kontzertuek. Amaia Montero donostiarra ‘Nacidos para creer’ lanarekin iritsiko da, pop munduan 20 urteko ibilbidearen ostean

Hilaren 12an, berriz, Zea Maysen rocka igoko da eszenatokira. Iaz 20 urte bete zituen taldeak, baina hazkunde prozesuan jarraitzen dute oraindik ere. Abuztuaren 13an, astelehenarekin, pop musika itzuliko da Saguesera. Rivas-Vaciamadrideko Dvicio pop taldearen eskutik.

Reggae, dub, trip hop doinuak asteartean, abuztuak 14, igoko dira oholtzara. Barañaingo Iseo & Dodosound azken urtean Estatu mailan gehien hazi den taldeetako bat da.

Hilaren 15ean Alvaro Soler kataluniarraren pop musika programatu dute. 2015ean Berlinera joan zen eta bertan grabatu zuen bere aurreneko singlea bakarlari gisa, zuzenean lehenengo 5 postuetara heldu zena Alemaniako zerrendetan, eta 1a izan zen salmentetan Polonian, Suitzan eta Italian. Aldi berean, 1a izan zen ‘Sofia’ abestia 17 herrialdetan.

Abuztuaren 16an, osteguna, Vendettak bere agur birako kontzertuetako bat eskainiko du. Sakanako taldeak 2018 amaieran utziko ditu eszenatokiak, beraz hau izanen da ska eta rocka uztartzen dituen taldea Donostian ikusteko azken aukeretako bat.

Biharamunean, berriz, Ramones taldeko kide izan zen Marky Ramone iritsiko da Donostiara bere proiektuarekin, zeinetan Ramones taldearen abesti ezagunenei ere errepasoa emango dien.

Jaiei amaiera emateko Jarabe de Palo hautatu du Donostiako Udalak. ‘50 palos’ proiektuarekin datoz, Pau Donesek 50 eta taldeak 20 urte egiten dituenean.

Bestalde, Udalak Sonakay musika taldeko kideak gonbidatu ditu ‘Artillero’ abesteko jaien hasieran. Gau horretan, abuztuaren 11n,  kontzertu bat eskainiko dute Boulevarreko kioskoan.