Giza katearen jarraipenerako jakin beharrekoak
Orain arteko erronkarik handiena du igandekoa Gure Esku Dagok, erabakitzeko 2019 arrazoiak eskuan 201.9 km lotu asmo ditu Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriburuetatik igaroz. 12.00tan da hitzordua, kilometro bereziak izango dira (Katalunia, Altsasu, pentsionistak, feministak) eta ekimenaren bost urteko ibilbidea borobilduko du. Bertara joan ezin duenak goizean goizetik jarraitu ahalko du ekimena zuzenean NAIZen.
Ekainak 10, igandea. Gorriz azpimarratua zuen aspaldi Gure Esku Dagok hitzordua eta iritsi da eguna. 201.9 km, Donostia-Bilbo-Gasteiz ibilbidea eta erabakitzeko 2019 arrazoi izango ditu ardatz.
Parte hartzekotan bazara
100.000tik gora herritarrek izena eman dute giza katerako, Gure Esku Dagok aurreratu duenez, eta hala egin gabe ere parte hartzeko deia egin dute erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikatik.
1.000tik gora autobus mobilizatuko ditu Gure Esku Dagok eta hori izango dute parte hartzaile gehienek garraiobide. Besteek jakin beharreko ordutegiak hauek dira. 10.00etatik aurrera osatuko da giza katea eta tarte horretan abiatuko dira lehen animazioak ere. 11.30ean dena prest izan nahi dute antolatzaileek, horretarako 5.000 boluntario inguru ariko dira lanean.
12.00etan da ordua. Kamiseta soinean eta zapia eskuan egon beharko du parte hartzaile bakoitzak seinalea entzundakoan. 12.30ak arte elkarri eskutik helduta egon behar dute parte hartzaileek, seinale bat entzungo da kilometro bakoitzean giza katearen amaiera iragarriz.
Hortik aurrera irteera bideratuko du antolakuntzak eta autobusek izango dute lehentasuna. Gure Esku Dagok hiru hiriburuetan jai giroa izan dadin egitarauak antolatu ditu, hainbat herritan euren kasa ere deitu dituzte antzeko jaiak.
Kilometro bereziak
Norberarena izango da kilometro bereziena baina badira lau puntu esanguratsu. Bilbon 122. kilometroan Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko puntua izango da, Eliptika plaza inguruan. Altsasuko gurasoek 193. kilometrora joateko deia egin dute asteon, elkartasun kilometroa izango da Amurrioko hau. Emakumeen Mundu Martxak ere dei egin du parte hartzeko. Hiru hiriburutan presentzia nabarmena izango du aldarri feministak, 2., 124. eta 201. kilometroetan eta giza katera besoko morearekin joateko deia egin dute, gainera. Pentsionistek presentzia nabarmena udalerri bakoitzeko udaletxearen aurrean izango dute.
Giza katera ez bazoaz
Giza katean parte hartzeko aukerarik edo asmorik ez dutenek sarean jarraitu ahalko dute honen berri zuzenean. Goizean goizetik jarraipen berezia egingo dio mobilizazioari NAIZek eta 11.30etik aurrera, gainera, zuzeneko irudiak izango dira. Gure Esku Dagok berak antolatuta aireko irudi ikusgarriak ere espero dira.
12.15ean espero da Gure Esku Dagoren mezua Gasteizko Legebiltzar parean eta 13.30ean egunaren balorazioa egingo du antolakuntzak.
Guztiaren berri zuzenean emango du Hamaika Telebistak ere; saio berezia egingo du 11.30ean hasita. Info7 irratiaren bidez ere jarraitu ahalko da Arrosa sareak eskainiko duen programazio berezia 10.30ean hasita.
Eguzkia ere joatekoa omen da giza katera.
[AZKEN ORDUKOA] Eguzkiak ere parte hartuko du giza katean! #NiBanoa ☀️ pic.twitter.com/y536AO6ONT
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) 2018(e)ko ekainaren 8(a)