INFO

Eusko Ikaskuntzari emango diote aurten Donostiako Urrezko Domina

Aurten mendeurrena ospatzen duen Eusko Ikaskuntzari Urrezko Domina ematea adostu du aho batez Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak. Euskal kulturaren garapenerako eginiko lana eta hiriarekiko duen lotura azpimarratu dute. 

Eneko Goia alkatea eta Donostiako udal taldeetako bozeramaileak. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal taldeetako bozeramaileek agerraldia egin dute aurtengo Urrezko Domina Eusko Ikaskuntzari emateko aho batez hartu duten erabakiaren berri emateko.

Eusko Ikaskuntzak ehun urte betetzen dituela-eta erabaki dute saria ematea, euskal kultura garatzeko egindako lana eta mende honetan zehar hiriarekin izandako lotura aitortzeko. 

Gogoratu dutenez, 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta sortu zen Eusko Ikaskuntza, Donostian, euskal kultura hedatu eta beste era bateko arazoie irtenbidea ematzeko. 

Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, izan ere, «Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zen eta iristeko errazena zen». Eta horrela sortu zen erakunde hau, hain zuzen ere, euskal kulturaren modernitatearen hasiera ekarri zuen erakundea, egun, 100 urteren ondoren, Miramar Jauregian bere jarduera garatzen jarraitzen duena.

Donostiako Udalak nabarmendu du erakundeak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana «izugarria» izan dela. 

Eusko Ikaskuntzak meritu asko dituztela ere goraipatu dute, besteak beste, Euskaltzaindia sortzeko bilera eta lan guztiak egitea, euskarazko antzerkia susatzea, emakumeak kulturaren edota zientziaren arloan barneratzeko egindako esfortzua.