INFO
Interview
SONAKAY
JONY CAMACHO, DAVID ESCUDERO, «BELTZA» JIMENEZ, RAMON VELEZ ETA DAVID BERNARDEZ

«Guk ez dugu fusioa egiten, ez da kultura ijitoa eta euskalduna batzea. Garena egiten dugu»

Sonakay boskotearentzat ez dago mugarik, are gutxiago musikan. Flamenkoa egiten dute, eta, Camaron edo Morente maitatzeaz gain, Mikel Laboa, Urko eta Imanol ere badituzte kuttun.

This browser does not support the video element.


Zoriontasunaren olatuan nabigatzen dabiltza, eta ez dute lurreratu nahi. Ametsetan, baina begiak zabal-zabalik. «Eta amesten uzten diguten bitartean, amets egingo dugu». Gertatzen ari zaiena ulertzen saiatzen, urte luzeetako lanaren fruituak biltzen ari da Sonakay taldea, bat-batean jaso ere, kolpe eder bakarrari esker. Iragan otsailaz geroztik Euskal Herriko mugak gainditu eta Estatu mailan ezagun egin dira “Got Talent” telebista saioan arrakastaz parte hartu ondoren. Ateak ireki dizkie horrek, baina are balio handiagoa duen beste lorpen batek utzi die zapore atsegina ahoan: kontzientziak astindu dituzte, aurreiritziak apurtu. Jendea ustekabean harrapatu dute. Sentimenduz, edertasunez. Flamenkoa egiten dute, eta gazteleraz zein euskaraz abesten dute. Hortxe koska. Euskaldunak dira, euskal herritarrak, ijitoak. Eta artea zainetan daramate. Bi kultura bihotz bakar batean.

Mikel Laboaren “Txoriak txori” maitatua interpretatuz aurkeztu zuten beren burua agertoki entzutetsuan. Ez zen efektu kolpe bat, betidanik egin dituzte Benito Lertxundi, Mikel Laboa beraren zein Urko edo Imanolen moldaketa eder zein bereziak. Eta ikusle zein epaileak aho bete hortz utzi zituzten. Abuztuan egin zen saio haren grabaketa, eta otsailera arte ez zuten bertan gertatutakoaren berri ematerik izan, kontratu bidez horrela hitzartuta baitzuten; ezin inori kontatu finalistak izatera ailegatu zirenik.

Ezti goxoa ahoan elkarrizketatu ditugu. Donostiako Amara auzoan entseatzen dute, zapore handiko lokal batean. Tablao bat izandako lokala da: tantodun mahai-zapiak, zuria eta gorria nagusi, mantoiak, krabelinak… eta paretak Morente, Camaron eta flamenkoak eman dituen izen errepikaezinez jantziak.

«Bizi nahi genuena bizitzen ari gara, hainbeste urtez amestutakoa. Urteetako lanaren ordainsaria modu erraldoian iritsi zaigu. Pribilegiatu hutsak sentitzen gara, eta oso eskertuta gaude, mundu honetan benetan zaila da-eta heldu garen lekura ailegatzea. Besoak zabalik ditugu aurrerantzean etor daitekeen guztia jasotzeko».

Momentuz ez dira gauza makalak: azken asteotan Mutrikun buru belarri aritu dira estudioan lanean, lehen diskoa grabatzen. Dena ondo bidean, uztailaren erdialdean kaleratuko da “Sonakay denontzat”. Urrira arte kontzertu sorta dute hitzartuta han eta hemen. Gaur bertan Bilboko Gau Zurian, Zabalguneko eraikinean, arituko dira. Donostiako Aste Nagusiko hasiera ekitaldian ere parte hartuko dute abuztuaren 11n, “Artillero” kantatuz. Gau berean emanaldi bat eskainiko dute. Leioan zein Iruñean ere arituko dira.

Jony Camacho errenteriarrak jartzen du ahotsa; gitarrarekin alboan ditu David Escudero intxaurrondotarra eta Antiguako Ramon Velez, taldeko beteranoa. Hernaniko Beltza Jimenezen ardura da baxua jotzea, eta, Irungo David Bernardezena, perkusioa. Denen artean osatzen dute Sonakay. Gelditu izenarekin.

Mugak gaindituz

Estatu mailan eskaintzen den “Got Talent” saioan parte hartzeko asmorik ez zuten. Are gehiago, ez zen beraien ekimenez gertatu: ekoizpen etxeko langile batek Youtuben “Txoriak txori” abestiaren moldaketa ikusi eta deitu egin zien. Hiru aldiz. Hirutan jaso zuen ezezkoa. «Erraza da esatea, baina etxetik kanpo hiru egun Bartzelonan igarotzea, lana utzita… Etxea eta umeak ditugu, ardurak… Gehiegi zen, eta dena gure poltsikotik ordaintzea ezinezkoa zitzaigun», gogoratu du Jonyk.

Hainbeste tematu ziren azkenean baiezkoa eman zutela. Rodrigo Martins lagunaren eskutik jasotako laguntza logistiko eta ekonomikoa bihotzez eskertzen dute («jarri faltarik gabe, e!»), hori gabe istorioa ezberdina izango litzatekeelako. «Serioski pentsatu eta aurrera egitea erabaki genuen, ogibide honetan galtzera ohitzen zarelako. Gehitzen duzu eta gehitzen duzu, kontuak egiten dituzu... baina kontuak ez dira ateratzen», nabarmendu du David Escuderok.

Telebistan milioika pertsonen aurrean ateratzeak lehenaren eta orainaren artean marra bat marraztu duela badakite, baina argi utzi nahi dute «betikoak» direla. «Hori da telebista, minutu erdian zeruan edo infernuan zaude. Guretzat saltoa emateko lagungarria izan da, baina gu ez gara aldatu, zuzenekoetako errepertorioa ere bera da, euskarazko abestiekin». Horrek eman zien, hain justu, sona.

«Zergatik uste duzue izan zuela halako arrakasta?», galdetu diegu. «Estatu mailan ezezaguna den kultura bat erakustea da. Musikalki ‘Txoriak txori’ abestiak suposatzen duenaz aparte, abestiak irudikatzen duena da mamia; abesti bat baino gehiago da, ereserki bat da. Gu geu produktu musikala gara, baina batez ere produktu kulturala. Bost ijito gara, eta euskaraz abesten dugu, flamenkoa baliatuz».

Sonakayk egiten duena ez da fusioa. «Noski ezetz! Ez da kultura ijitoa eta euskalduna batzea. Guk ez dugu ezer batzen, gu hori gara: ijito euskaldunak. Katalunian runba katalana izugarri maite dute, oso hedatuta dago; naturala da han flamenkoa katalanez egitea. Hemen, zergatik ez?», diote. Beren ustez «flamenkoa hegoaldearekin lotu izan da eta lotzen da». «Hemen gai politiko asko egon da eta ez dugu Espainiarekin zerikusi handirik eduki nahi izan. Baina kontura gaitezen flamenkoa gizateriaren ondarea dela. Kontzeptu hori barneratzen dugunean, flamenkoa munduarena dela, eta nahi duenak abestu dezakeela, errespetutik eta transmisiotik…», dio Jonyk.

Ramonek hizkuntza aniztasunaren altxorra aipatu du. «Mugak geuk jartzen ditugu, berez ez dira existitzen. Eta musikan are gutxiago. Hala gertatu zitzaigun telebistan. Epaileek tutik ulertzen ez zutela aitortu zuten, eta, hala ere, hunkitu egin zirela. Uste dut kultura ezberdin bat taularatu izanak txinparta piztu zuela eta horri esker jendeak begiak ireki zituela…», dio.

«Etxean» ere efektu bera gertatu dela gaineratu dute. «Errespetua eta ezagutza» dira ezinbestekoak. Hedabideetan ijitoekin lotutako «zirkua» baino ez delako ateratzen kexu dira. «Txarrena, pobreena, mediatikoena. Jony bezalako mutil arrunt batek ez du saltzen. Lanbide batekin, seme-alabekin, eta afizio batekin: musika. Ez da estereotipoa eta ez da interesekoa», deitoratu du David Escuderok.

Direnari leial

Honek guztiak «eztanda» egin aurretik, baina, batez ere, ondoren, argi dute premisa bat: «Munduko ezerengatik ez dugu egiten duguna aldatuko. Inondik inora. Leonard Cohenen ‘Hallelujah’ kantua abestu genuen finalean. Horrekin esan nahi dut nahi duguna egiten dugula –azaldu du Escuderok–. Bartzelonan, lehenengo casting-ean, halako beldur bat bagenuen euskaraz kantatzeagatik; ez ote gintuzten ulertuko eta beste kontu batzuk. ‘Baina zer demontre!’, pentsatu genuen. ‘Zer saltzen dut? Arrautzak. Orduan zergatik salduko dut ba gaur urdaiazpikoa?’. Gustuko bada ondo, eta, bestela, baita ere».

Adibide batekin azaldu dute bizi dugun inkoherentzia. Anoeta futbol zelaia. U2 taldea eta 30.000 ikus-entzule. «Zenbatek ulertzen dute bete-betean diotena?», galdegin dute. «Ausartuko nintzateke esatera portzentaje txiki batek, eta, ordea, mezua heldu egiten da. Zergatik euskararekin ez?». Hortxe eman zuten mahai gainean kolpea eta zutenarekin, direnarekin, Bartzelonan zein Madrilen aritu dira, euskarari uko egin gabe.

Begiradak alde bietatik

Familia mailan ez zuten presiorik sentitu, baina bazuten kezka inguru flamenkoan izango zuten harreraz. «Hizkuntza tradizionaletik ateratzen zara, eta, batzuetan, euskaraz gainera. ‘Zergatik?’ galdegin dezakete. Eta guk diogu, ‘zergatik ez?», arrazoitu du Jonyk. «Nik horrela sentitzen dut, hemen jaio eta hezi naiz. Eta horregatik ere izan dugu beste beldur bat: euskaldunek nola hartuko duten Mikel Laboa horrela abestea. ‘Hori inoiz’, pentsa dezakete. Bestetik, flamenkoak bertsiorik ez egiteko eskatzen…». «Alde batetik zein bestetik izan, gure beldurra zen jendeak hemen nola hartuko ote zuen egiten dugun hori…», aitortu du David Bernardezek.

Ramonek gauza bitxiak baina oso onak sentitu ditu azken hilabeteotan. Aipatu du orain abestu egiten dituela garai batean debekatuak zituenak. «Garai batean ezin genuen euskaraz abestu, eta astindu ederrak ere jaso genituen horregatik! Aldi berean, Antiguako nire lagunei esaten nienean flamenkoa kantatzen nuela… 70eko hamarkada zen. Euskaraz, gaizki. Flamenkoa, gaizki… Orain hori guztia egiten dut eta zoriontsu naiz! 30 urte galdu ditut bat-batean!».

«Askatasunari kantatzen dioten kulturak dira ijitoa eta euskalduna», diote. «Abestietan ikus daiteke, transmititzen dugun mezuetan. Letra flamenko batzuk euskaraz abestuko bagenitu, posible da lotura asko ateratzea, eta ulertzea asko dutela amankomunean. Herri ijitoa asko sufritu eta pairatu duen herria da. Hizkuntzaren jazarpena, galtzeraino, ez zaio herrialderik aitortu, arrazakeria… Horrek guztiak musikan babestera eraman gaitu, eta letra batzuk oso goibelak dira. Batzuk izugarriak dira; gure egoerek nola egiten duten bat ikus daiteke. Flamenkoan jorratzen diren gai batzuk euskaraz egingo balira… Baina mantso egin behar da, letra onekin askatasunari zuzendutako mezuak direlako, berdintasunari, errespetuari».

Jonyren hitzek sakontasuna dute, eta hausnarketarako tartea zabaldu du. Escuderoren ustez, «zoritxarrez, gure historiak berak, horrela sentitzera eraman gaitu. Edo zuria edo beltza, eta, atzera begiratzen baduzu, ulertuko duzu». Berdin beste egoera batzuekin. Euskal Herrian jaio eta heziak, uste dute bertakoak ez direnek akaso «gauza asko» ez dituztela ulertuko; hemengoek, bai, ordea, «bizi izan dutelako, eta gertutik bizi behar delako ulertzeko. Ijitoekin gauza bera: gertutasuna behar da, ezagutu egin behar dituzu ulertzeko. Eta elkarbizitza hori dagoenean gauza askoren ‘zergatiak’ ulertzeko gai izango zara».

Hunkituta bukatu ditu hitzok. Egoeraren sentiberatasunaz ohartuta, izotza apurtu du Ramonek, beti bezala irribarrea ahoan. «Olé, olé! Zorionekoak garela!».