INFO

Euskal jazz bandak, Bermeoko Jazzaldiko protagonista larunbatetik aurrera

Bermeoko XXI. Jazzaldiak ekainaren 30etik uztailaren 6ra lau kontzertu eskainiko ditu. EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, bermeotar batek sortutako Trizak taldea, Valentziako Pepe Zaragoza Quintet boskotea eta Gasteizko DND Swing Band izango dira aurtengo gonbidatuak.


Bermeoko XXI. Jazzaldiak ekainaren 30etik uztailaren 6ra lau kontzertu eskainiko ditu. EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, bermeotar batek sortutako Trizak taldea, Valentziako Pepe Zaragoza Quintet boskotea eta Gasteizko DND Swing Band izango dira aurtengo gonbidatuak. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira, 20.30ean (sarrera doan).

Ekainaren 30ean hasiko da jaialdia Euskal Herriko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleez osatutako Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren kontzertuarekin. Helburua publiko gaztea jazz musikara hurbiltzea izango da.

Uztailaren 4an Trizak hirukotearen txanda izango da. Jon Piris bermeotarrak bultzatutako proiektuak Julen Izarra (saxoa), Hasier Oleaga (bateria) eta Piris bera (kontrabaxua) batzen ditu. Trizaken errepertorioan inprobisaziotik sortutako musika da nagusi. Pepe Zaragoza Quintet boskote valentziarra izango da hurrengo gonbidatua, uztailaren 5ean. Getxoko Jazzaldian parte hartu ondoren iritsiko dira Bizkaiko kostaldera.

Azkenik, DND Swing Band. Sonia Vera taldeko liderraren eskutik, Gasteizko taldeak aukeratutako doinu ezagunek ibilbide alai, dinamiko eta erromantikoa islatuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak eta Jizz-Jazz Kultur Taldeak elkarlanean antolatzen dute, Bizkaiko Aldundi, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratiaren laguntzarekin.