INFO
Interview
Anartz Ormaza / Ahinitze Errasti
Arkitektuak

«Arkitektura ez da edukiontzi sinple bat, arkitektura eragile politiko bat ere bada»

Zer da arkitektura pedagogikoa? 'Haiz, Eraiki, Hezi (II): haurrak espazio sortzaile' ikastaroa eskaini du bigarrenez UEUk Udako Ikastaroetan. Eibarren izan da eta Ahinitze Errasti Etxebarria eta Anartz Ormaza Ugalde arkitektoek zuzendu dute. 

Anartz Ormaza / Ahinitze Errasti

Bigarrenez antolatzen duzue Haurrak espazio sortzaile ikastaroa. Seinale gaiak askorako ematen duela.
Anartz Ormaza: Lehenengoa egin genuenean ez genuen pentsatu bigarren bat egongo zenik. Baina, bai, azkenean gaiak ematen du. Eta badenez gauza bat arkitektura eta hezkuntza edo pedagogia uztartzen dituena, lehenengo edizioan fokua arkitekturan jarri genuen gehiago eta oraingo honetan bidea zabaldu diogu pedagogiari.

Arkitektura pedagogikoa landuko duzue. Azken urteotan Euskal Herrian eskolan espazioek duten balio pedagogikoari gero eta arreta gehiago eskaintzen zaio.
Ahinitze Errasti: Bai hala da. Interes handia daukan gai bat da hezkuntza alorrean eta azkenaldian baita arkitektura aldetik ere; baina bi gauzak batera lantzea eta bi gauzak batera uztartzea holako espazio batean, gaur hasi dugun ikastaro honetan bezala, nik uste dut interesgarria dela. Azkenean komunean jartzeko diziplina batetik nahiz bestetik lanketa hori.

A.O: Bai eta zuk esan duzun moduan bada gauza bat azkenengo urteetan hasi dena mahai gainean jartzen eta eta gero eta gehiago lantzen.

Arkitektura pedagogikoaz ari gara, baina benetan arkitektura pedagogikoa izateko zer behar da?
A.O: Batez ere kontuan izatea erabiliko duen horren ikuspuntua. Hau da, ez izatea arkitektura bat bakarrik teknikoen edo arkitektoen eskutik datorrena, baizik eta kontuan hartuko duena behetik gorako prozesu hori.

A.E: Guztiz ados horrekin. Azken finean horrek eskatzen duena da benetan entzutea, ez entzutea bakarrik helduei, baizik eta entzutea haurrek zer esateko daukaten. Zelan sentitzen diren, zelan erlazionatzen diren. Erantzun espazial bat ematea azken batean planteamendu pedagogiko bati. Horregatik elkarlana pedagogoekin, irakasleekin eta haurrekin baita ere. Azkenean ikastaroaren izenburuak dioen moduan haurrak dira espazio sortzaile eta, askotan ez beharbada aktiboki, baina beste modu batean ere hor egon beharko lirateke beti presente.

A:O: Azken batean haurrak ikusi ditugulako espazioren erabiltzaile moduan orain arte. Orain pauso bat harago goaz eta erabiltzaile bai, baina sortzaile ere badira.

Espazioak egiten du erabilera edo erabilerak espazioa?
A.O: Bi norabidetako bide bat da. Orain arte bide hori noranzko bakarrean egin izan da eta orain uste dut bagaudela puntu batean non bi noranzko horiek kontuan hartzen diren.

A.E: Azken finean, espazioak esperimentaziora gonbidatzen du erabiltzailea eta zentzu horretan espazioak esan genezake erabilera egiten duela; baina, aldi berean, azken hitza beti dauka erabiltzaileak. Nahiz eta espazioak gonbidatu zerbait egitera, guk hartzen dugu azken erabakia. Non jarri, nola erlazionatu, nola erabili espazio hori. Arkitektura pedagogikoa espazio batzuk bi gauzak ahalbidetzen dituztenak diseinatzen jakitea izango litzateke.

A.O: Azkenean espazioari edo arkitekturari erabiltzaileak emango dio zentzua.

Azken batean arkitektura ez dela edukiontzi soil bat, ez dela neutroa den gauza bat.
A.E: Eragina daukala sentimenduetan, erlazionatzeko moduan eta inguruan daukagunaren arabera sentitzen garela modu batera edo bestera. Eta egin behar dugunaren arabera gauza batzuk hobeto egongo dira.

A.O: Bai. Guk beti esaten duguna da, arkitektura ez da edukiontzi sinple bat, arkitektura eragile politiko bat ere bada. Arkitekturak eragiten du jendea harremantzeko moduan edo jendea sentiarazteko moduan. Hori da faktore bat beti egon dena hor, baina ez zaio berebiziko arreta jarri. Orain nahiko gauza zabaldua da.

A.E: Eta askotan erabili da gainera modu oker batean. Segurtasuna eta kontrola bermatzeko. Espazioa jarri da kontrolaren ikuspuntutik. Irakasleak kontrolatzen du ikasle denak non dauden. Eta ez horrenbeste bizipen horietatik. Buelta ematea da, beste balio batzuk eta beste gauza batzuk lortzeko arkitektura bat proposatzea.

Eta parte-hartzean oinarritua...
A.O: Parte-hartzea zorionez gaur egun nahitaezkoa da. Zuk egiten duzunean hirigintza plan bat zuk nahitaez behar duzu parte hartze prozesu bat. Gero beste gauza bat da nola egiten den. Berez hori nahitaezkoa da. Ez dena nahitaezkoa da, orain lantzen ari garen gai honetan, umeen parte-hartzea. Normalean egiten direnean parte-hartzeak espazio publikoa diseinatzeko normalean helduekin egiten dira. Ikusten direlako umeak geroko gizartea moduan. Gero izango dira gizartea. Eta berez, gure planteamendua da umeak izan badirela gaur egun gizartearen parte bat eta indarra horretan jartzen gabiltza. Parte-hartze prozesuetan umeak gero eta gehiago sartzeko.

A.E: Zentzu horretan, gainera, garrantzi berezia dauka umeak ulertzeak. Haurtzaroak daukan kultura hori ulertzea eta beraien ikuspuntu horretatik diseinatzea. Askotan eurak proposatzen dituzten maketa edo marrazki horiek eramaten dira zuzenean diseinu batera eta askotan horren atzean zer dagoen da aztertu behar dena. Hau da, haur batek proposamen bat egiten duenean zer dabil esaten. Zein behar ditu. Eta behar horri erantzun. Ez horrenbeste egiten duen proposamen espezifikoari. Eta horrek ere eskatzen du haurren prozesu parte-hartzaile horiek lantzea beste ikuspuntu batetik.

Zer lortu nahi duzue azken batean ikastaroarekin?
A.O: Nik esango nuke bi helburu direla. Batetik biltzea edo ezagutzea Euskal Herri mailan egiten ari diren esperientzia ezberdinak. Sarritan gertatzen dena da bakoitzak egiten duela prozesua bere hezkuntza eremuan eta ez dela zabaltzen. Alde batetik esperientzia horiek ezagutzea. Beste alde batetik honi guztiari marko teoriko bat ematea edo testuinguru bat ematea.

A.E: Ez bakarrik hizlarien bitartez, baizik eta entzule bezala etorri diren horien parte-hartzea ere sustatzea. Horregatik biharko saioa guztiz praktikoa izango da. Azken finean, gerturatu direlako asko, kontatzeko asko daukatenak, esperimentatzeko asko, eta denon artean ondorio batzuk ateratzeko bihar egingo dugun saio parte-hartzaile horren bitartez. Denok ikasiko dugu ikastaro honetan.

A.O: Parte-hartzea badago ikastaro barruan ere.