INFO

Orain Presoak dinamika martxan jarri dute Nafarroan ere

Orain Presoak dinamika aurkeztu dute gaur Iruñean, euskal preso politikoen urruntzearekin amaitu, larriki gaixo dauden presoen askatasuna, zigorren batuketa aplikatzea eta lehen graduaren amaiera aldarrikatuz. Iruñeko peña gehienek babesa erakutsi diote ekimenari.

Orain Presoak dinamikak eta Iruñeko hainbat peñek gaurkoan egin duten agerraldia. (Orain Presoak)

«Parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo honi amaiera emateko aukera», adierazi du Patxi Zabaletak Iruñeko Askatasuna plazan, Orain Presoak dinamikaren aurkezpenean. Etorkizuna eraikitzeko, «iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du, eta, zentzu horretan, «biktima guztiek egia, memoria eta erreparazioa» merezi dutela.

Hala ere, oraindik ere 280 euskal preso politiko euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduta daudela gogorarazi dute. «Presoak ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin angusiko pertsonak ere zigortzen dituzte», gaineratu du.

Horregatik, urrunketarekin amaitzea, larriki gaixo dauden presoak amaitzea, zigorren batuketa aplikatzea eta lehen gradua amaitzea defendatu dute. Bide horretan, urriaren 20an Bilbon egingo den manifestazioa «herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzea» eskatu dute.

Iruñeko Peña gehienen babesa

Nafar hiriburuko La Unica, Algara, Irrintzi, Sanduzelai, San Fermin, Alegria de Iruña, Muthiko Alaiak, Aldapa, Rotxapea, La Jarana eta Armonia Txantreana peñek bat egin dute dinamikarekin eta «giza eskubide eta elkarbizitzaren zein bakearen eraikuntzari» bultzada eman nahi izan diote.

«Sufrimenduekin amaitzeko bidean gure konpromisoa azaldu eta ekarpena egin nahi dugu», adierazi du Arkaitz Otazu peñakideak. Hala, espetxe politikaren «aldaketa» eskatu dute eta urriaren 20ko mobilizaziorako deira batu dira.