INFO

Zezenketarik gabeko sanferminak aldarrikatu dituzte

Iruñea Antitaurina kolektiboak jai giroan protesta egin du Alde Zaharreko kaleetan zehar zezenketarik gabeko festak aldarrikatzeko. «Ez dugu inongo animaliaren torturarik behar ongi pasatzeko», azpimarratu dute. 

Zezen puzgarri batekin egin du kalejira Iruñea Antitaurina kolektiboak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Gure jaiak ezin dira oinarritu zezenketen muturreko ankerkerian». Nafarroako hiriburuko Alde Zaharreko kaleetan zehar egindako protesta kalejiraren amaieran esandako hitz horiek ederki laburbiltzen dute Iruñea Antitaurina kolektiboak plazaratu nahi izan duen mezua. 

Festa giro nabarmenean egin dute protesta, zezen puzgarri batek lagunduta, eta kartulinaz egindako adar batzuk buruan jarrita. Musikak jarritako giro ederrak lagunduta egin dute protesta, zezenketen aurkako oihuak etengabe errepikatuta. 

Kalejiraren amaieran nabarmendu dutenez, «ez dugu inongo animaliaren torturarik behar ongi pasatzeko».  

Kolektiboaren eledunak esan du gero eta gehiago direla «mende honetakoa ez den ikuskizunean» parte hartu nahi ez dutenak. 

Horregatik, «edozein motatako indarkeriarik gabeko hiria eraikitzeko» lanean jarraituko dutela gaineratu dute.

Ahotsa.info-k ere egin du «zezenketetara joaten ez den Iruñea» horrek egindako protestaren jarraipena eta laburpen bideo bat sareratu du ondoren.