Tourraren baitan munduari «You are in the Basque Country» erakusteko deia
Uztailaren 28an Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupekoa izango da Frantziako Tourraren 20. etapa. Honen harira, Euskal Herriaren izatearen aldarria egiteko deia egin dute. Giza mosaiko erraldoi bat egingo dute gure eta bide guztian ikurrinak eta «You are in the Basque Country» mezua hedatu asmo dute.
Jaiak eta aldarriak bat egingo dute uztailaren 28an Frantziako Tourraren iritsiera dela eta. 20. etapa erlojuaren aurkakoa izango da, Senpere eta Uztaritze artean, eta bera baliatzeko deia egin dute munduari «You are in the Basque Country» adieraziz.
Uztaritzetik Zuraidera doan bidean antolatu du herritar talde batek aldarrikapen festa, Pelenborda lan eremuaren inguruan. 6 ha-ko eremu zabal bat prestatuko dute horretarako. Ekimen nagusia eguerdian osatuko den giza mosaikoa izango da, Euskal Herriko mapa baten bihotzean finkatuko duten GPS puntu erraldoi bat irudikatuko dute, «gure helmuga Euskal Herria da», leloari segiz.
Gune nagusi horretan hainbat zerbitzu izango dira, gainera: janaria, edaria, komunak, akanpatzeko aukera, animazioak, puzgarriak, lasterketa jarraitzeko pantaila handia... Egitaraua aurrerago zehaztuko dutela azaldu dute.
Harrera puntuak eta laguntzarako deia
Lasterketaren ibilbidearen bueltan, gainera, hainbat harrera puntu ere jarriko dituzte, tourra ikustera doazen herritarrei ikurrinak eta «You are in the Basque Country» dioten plastikoak banatzeko. Senperen eta Hardoian izango dira puntu hauek, baita Uztaritzetik gertu ere Bidekutx eta Landagoienen. Helmugatik gertu, Zuraiden eta Pinodietan beste harrera puntu bana jarri dituzte.
Antolaketa lanean parte hartzeko deia ere egin dute antolatzaileek, txandak betetzeko izena ematea eskatuz. Tourra.eus webgunearen bidez egin daiteke.