INFO

«Txirrindularitza horrelakoa da»

Gorka Izagirre, Adam Yates eta Pihilippe Gilbertek ez dute aitzakiarik ipini bigarren postuan edo lurrean amaitu izanagatik.


«Ez dago buelta gehiago eman beharrik, hau horrela izaten da. Ahal nuen guztia egin dut, baina ez da posible izan», onartu zuen Gorka Izagirrek helmugan bigarren sartu ostean, bere anaia Ioni bi aldiz gertatu zaion berdina. Etaparen nondik norakoei buruz galdetuta, Adam Yatesen erasoari erantzutea ezinezkoa izan zitzaiola aipatu zuen, «igotzaile peto-petoa» dela baieztatuz, eta azken txanpan, berriz, Julien Alaphilippe «oso trebea» dela jaitsieretan, eta «segundo batzuk hartutakoan» ezin izan zuela tartea murriztu.

Alaphilippe bera zen txanponaren beste aldea, bere bigarren etapa garaipena ospatuz. «Sekulako poza sentitzen dut, ez daukat hitzik deskribatzeko. Asko sufritu behar izan dugun etapa izan da, ihesaldia egitea asko kostatu da. Zangoak ehuneko ehunean ez nituela ikusi dut, baina ibilbidea ongi ezagutzen nuen, Jungelsekin izana nintzelako etapa aztertzen. Banekien ibilbide bihurria zela, eta Yates erori denean arriskatzea erabaki dut», azaldu zuen garaileak.

Britainiarraren erorikoaz galdetuta, Quick Step taldeko txirrindulariak onartu zuen ez dela ederra horrela irabaztea, «baina txirrindularitzaren gauzak dira, arriskatzen denean aukera hori beti hor egoten da-eta. Banekien edonor erori zitekeela jaitsieran, baita ni neu ere». «Hasieratik dena emanda joan gara eta 220 kilometro ziren. Leher eginda nago», nabarmendu zuen etapa irabazleak, Philippe Gilbert taldekidearen erorikoaz amaierara arte ezertxo ere ez zuela jakin gaineratuz.

Erori zirenek ere antzeko azterketa egin zuten, tristura gehiagorekin. «Gertatzen diren gauzak dira. Arrisku gehiago hartu izan dut beste jaitsiera batzuetan eta ez da ezer pasa. Etapa guztiak aztertu genituen, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den gero. Errepidea apur bat bustita zegoela uste dut eta erori egin naiz», azaldu zuen Adam Yatesek, moralki ukitu samar dagoela onartuz.

Gilbertek ere Aspet jaisten eroriko arriskutsua jasan zuen. «Harri tartera erori naiz. Hasieran oso larria zela pentsatu dut, baina orain ongi nago eta lagundu didaten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Nire akatsa izan da, bihurgunea gaizki hartu dudalako».

 

Adierazpenak

«Egun zoroa izan daiteke. Hiru mendate igoko ditugu oso denbora laburrean, bi ordu eta erdi inguruan. Muga-mugan joango gara guztiok eta ikusiko dugu gorputzak nola erantzuten duen»

Geraint THOMAS

SKY

«Tourra desberdina da ihesaldian sartzerako orduan. Oso azkar joaten da eta asko kostatzen da etena egitea. Azkenean sartzen zarenean jada erdi hilda zaude»

Marc SOLER

MOVISTAR