INFO

Oposizioko hautagaiarentzat eskatu du botoa Mugabe presidente ohiak

Robert Mugabe Zimbabweko presidente ohiak gaur egingo diren hauteskundeen aurreko giroa erabat irauli du bere emaztearekin batera eskaini duen prentsaurrekoaren bitartez, Nelson Chamisa oposizioko hautagaiarentzat eskatu baitu botoa. Erabakigarria izan daiteke.


Zimbabweko presidente ohiak 94 urte ditu eta zortzi hilabete daramatza agintetik kanpo, baina bere herrialdeko giro politikoa baldintzatzeko gaitasuna ez du galdu, atzo ederki asko erakutsi zuenez. Dozenaka kazetari elkartu zituen hiriburuan duen luxuzko etxean eta bertan jakinarazi zien bere botoa ez dela izango berak sortu zuen Zimbabwe African National Union– Patriotic Front (ZANU-PF) alderdiarentzat.

ZANU-PF alderdiak iazko azaroan Robert Mugabe kanporatu egin zuen, eta presidente ohia ez dago ezer barkatzeko. «Niri sufriarazten aritu direnei ezin diet botorik eman; ezin, egoera honetan naukatenei. Ezin diot botoa ZANU-PF-ri eman», adierazi zuen Grace Mugabe emaztea ondoan zuela.

Hasiera batean esan zuen «beste 22 hautagairen»&flexSpace;artean aukeratuko duela egokiena, baina pixkanaka gehienak baztertu egin zituen: «Beraz, Chamisa baino ez da geratzen».

Emmerson Mnangagwa egungo estatuburuari buruz esan zuen Mugabek «langile ona dela, baina beti ez da izan fidatzeko modukoa». Erantsi zuen agintari ohiak bera «inozo samarra» izan zela Mnangagwa bere ondoan lanean eduki zuenean, «ez bainekien nire postuaren atzetik zebilenik».

Nerlson Chamisa hautagaiak 40 urte ditu eta MDC Aldaketa Demokratikoaren aldeko Mugimenduko zerrendan doa, hau da, Morgan Tsvangirai Mugaberen betiko etsaiaren hautagaia da. Emmerson Mnangagwa egungo presidentea da faborito, baina inkestek diote bien arteko aldea gero eta txikiagoa dela: agintariak botoen %40 bilduko luke, eta Chamisa gazteak %37. Hiru puntuko aldea baino ez.

Gaurko hauteskundeetan botoen %50era inor iristen ez bada, bigarren itzulia egingo litzateke irailaren 8an.

Robert Mugabek Zimbabweko agintea mendean eduki du 1980az geroztik, baina azkenean egoera hori bere alderdikoentzat ere onartezin bihurtu zen.

ZANU-PF alderdiak iazko azaroan behartu zuen Robert Mugaberen dimisioa, eta beraren ordez Emmerson Mnangagwa ipini zuen, ordura arteko presidenteordea alegia.

Grace emaztearen anbizioa

«Biharko hauteskundeek egungo Gobernu militarrari porrota eragiteko balio izatea espero dut», adierazi zien kazetariei Harareko Blue Roof barrutiko etxe ikaragarrian.

Mugabe agintetik kendu zutenean, kargurako Grace emaztea, «anbiziosoa erabat», jartzea pentsatu zuen politikari beteranoak, baina ideia ez zen ez Armadaren ez bere alderdikoen gustuko izan, eta Mnangagwaren aldeko apustua egin zuten.

«Urte askotako immobilismoaren ondoren, azaroko gertakariek aukera ezin hobea eman zioten Zimbabweri berriz ametsetan hasteko», esan zuen atzo Mnangagwak. Erantsi zuen txalotzekoa dela aurtengo hauteskunde kanpainan bizi izan den giro baketsua, Mugabe hautagai zenean gertatzen ez zena.