INFO

‘El amor menos pensado’ film argentinarrak inauguratuko du aurten Donostia Zinemaldia

Donostia Zinemaldiaren 66. edizioa irekiko du Juan Verak zuzentzen duen lehen filmak, ‘El amor menos pensado’ izenburua duenak. Ricardo Darin eta Mercedes Moran dira protagonistak. 

‘El amor menos pensado’ filmak inauguratuko du aurtengo Zinemaldia.

Juan Vera gidoigile eta ekoizle argentinarrak zuzendutako lehen filma, ‘El amor menos pensado’, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian aritzeaz gain, irailaren 21etik 29ra ospatuko den Donostia Zinemaldiaren 66. edizioa inauguratuko du. 

Lucrecia Martelen ‘Zama’-n eta Pablo Traperoren ‘Elefante Blanco’ eta ‘Carancho’ lanetan ekoizle aritu eta gero, zuzendari gisa egin du Verak ‘El amor menos pensado’ filmarekin. 

25 urte ezkonduta eman eta gero, krisialdiak jo eta banandu egingo den bikote bat da filmaren ardatza. Maitasunari, desioari eta denboraren joanari buruz egingo dute gogoeta protagonistek. 

Mercedes Moranen ondoan protagonista izateaz gain, ekoizle gisa ere aritu da Donostia saridun Ricardo Darin, Chino Darin semearekin batera. 

Mercedes Moran (Villa Dolores, Argentina, 1955) Latinoamerikako zinemagile garrantzitsuenetako batzuekin aritu da lanean: Lucrecia Martel, Juan Jose Campanella, Walter Salles, Ana Katz edota Pablo Larrainekin, besteak beste. ‘Sueño Florianopolis’ lanarengatik emakumezko aktore onenaren saria jaso du aurten Karlovy Varyko zinema jaialdian. ‘El ángel’ ere estreinatu du 2018an, Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztua. Donostian, Perlak sailean proiektatuko da azken lan hau.

Ricardo Darin (Buenos Aires, 1957) Latinoamerikako aktorerik ospetsuenetako bat da. Donostia saria jaso zuen iaz, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Zinemagile handiekin egin du lan: besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan Jose Campanella, Fabian Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitrerekin.

Azken bi hamarkada hauetan egin dituen filmetako asko ikusgai egon dira Donostia Zinemaldian. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, epaimahaikide ofiziala izan zen 2012an, eta, Donostia sariaz gain –‘La cordillera’ filma proiektatzearekin bat–, gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, ex aequo Javier Camararekin batera, ‘Truman’ filmagatik, baita Europako Film Onenaren Publikoaren Saria ere, ‘Relatos Salvajes’ filmagatik.