INFO

Plazetako adituak, erromeria eta txarangak

Ordu pila bat musikaz betetzen dituzte erromeria eta txarangek eta, beharbada, hori da hauen arrakastaren zergatia. Dantzalekuetako izarrak dira erromeria taldeak; txarangak, aldiz, hainbat poteo gidatzearen arduradun.

Ezten giro taldea. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Nork ez ditu orduak pasa jai eta dantza, erromeria zein txarangen doinuen artean? Kaleak beraienak dira festa giroan eta musika edozein taberna barrenean aurkitu badaiteke ere, protagonistek zuzeneko musikaren balioa goraipatu nahi izaten dute.

Abesti herrikoiek indarra bereganatu dutelakoan da Mirari Alkorta, Ezten Giro taldeko gitarrista. Erromeria izaten da euskal herrietako plaza askotako giltzarri eta Alkortaren ustetan, gizartea bizitzen ari den aldaketaren barnean, erromeriak lekua baduela agerian geratzen da: «Eskaera bat badago».

Ingo al Deu taldeko trikitilari Antton Arrutiren ustetan, orain berriro ere goraka doa erromerien moda: «Duela bederatzi urte hasi ginenean berpizten zegoen, orain dela bi-hiru urte beherakada ikusten zen eta gaur egun goraka doa berriz. Bizkaian, esaterako, badaude indarra hartzen hasi diren taldeak».

Arratsalde zein gaueko ordu asko betetzen dituzte musikaz –eta beharbada horregatik suertatzen dira hain erakargarri–. «Gehienez hiru ordu jotzen dugu», dio Nagore Etxabek, Ezten Giroko bateria jotzaileak, baina onartu dute herrien arabera negoziatu daitekeela laugarren ordu hori. «Herri batzuek ohitura daukate bi pase egiteko, bata afalaurretik eta bestea ondoren. Arratsaldean ordu eta erdiko emanaldia egin eta gauez bost orduetara ere iritsi izan gara –zehaztu du Alkortak–, eta jende gutxi egon arren».

«Ordu asko, eta ordu eskasenetan ». Hori da Arrutiren perspektiba. Hiru orduko ‘kuota’ berbera dauka Ingo al Deu taldeak eta Ezten Girok legez, hauek ere aurten atseden gehiago hartzea erabaki dute agertokietan.


Jagoba MANTEROLA/FOKU

Dantzaleku txikiak

Plazetako giroa menderatzen adituak dira, eta urteen poderioz ikasten delakoan daude Ezten Giro zein Ingo al Deu. Bi plaza berdin ez daudela-eta, ikasi dute nolako emanaldia eskaini, batzuetan esperientzia txarrek bultzatuta. Dena den, ados daude giro onena testuinguru umilenetan sortzen dela; hau da, herri txikietan edo jai batzordeek antolatutako emanaldietan. «Herriko pertsonek antolatzen dituzte, herrikoiagoak dira eta orduan asko konprometitzen dira », azaldu du Antton Arrutik.

«Herri txikietan, plazan daudenak horretarako daude, dantzan egiteko. Gutxi izaten dira baina %100ean daude». Hala ikusten du Mirari Alkortak. Alta, haren taldekide den Etxaberen ustez, asko kostatzen da dantzan egitea, eta batez ere plazan daudenak bat egitea. «Orain lagun kuadrilla bakoitzak bere borobila egiten du. Nahastea, denok denokin ibiltzea, pikardia hori botatzen da faltan», irizten dio. «Apaga la luz, Mari Luz» egitean guztia funtzionatzen hasten omen da.

Txikitatik entzun izan dituzten abestiak ditu abiapuntu gaur-gaurkoz lau emakumez osatutako taldeak. Zoritxarrez musikari guztiak emakumeak dituen bakanenetarikoa dela adierazi dute eta, anekdotak anekdota, nabarmentzeko eskatu dute publikotik iritsi izan zaizkiela mezu «lardatsak».

«Pasa izan zaigu herri batean pertsona bat ‘Eba Mirentxu’ eskatzen egotea. Behin esan ez dakigula, eta tematuta segi abesti berarekin. Azkenean, barru-barrutik irten zitzaidan erantzuna: ‘Barkatu, baina gu ez gara MP3 bat’». Honako hau abesti modernoenen bertsiogile bezala ezagunak egin diren andoaindarren anekdota da, eta gaizki ohitu garen seinale.

Txarangen tradizioa

«Eskatu, eskatzen digute, baina gu ez gara musika jartzaile edo ostatu bateko musika aparatua ». Zerikusirik badute Ingo al Deuren esaldi hark eta Elutxa txarangako Amaia Telletxearen honek.

Arrasti-gauetan erromeriak herrietako izarrak diren bezala, egunez saxofoi, tronpeta eta perkusio soinuek argitzen dituzte kaleak. Txarangen tradizioak ez du etenik, nahiz eta Telletxeak onartu gazteen artean gehiago kostatzen dela. «Gazte gehienak ez datoz txarangaren atzetik, helduak nagusitzen dira. Beste garai batekoa dela dirudi. Halere, festa egun batzuetan txaranga bera izaten da honen gidaria». Bera da Lesakako txaranga taldeko zaharrenetarikoa 25 urte betetzear dagoela, eta edozein aitzakia ospatzeko sortu zutela jakinarazi du. «Ziur badagoela herritar bat guretaz nazka-nazka eginda», dio barrezka. Dena den, bere ustez gozagarri da herrian pote bat hartzera irten eta musika zuzenean aditzea, «izan akordeoilarien bazkaria dagoelako edo gu geu».

Umil-umil Donostiako danborrada ere girotu dute, baina bere ustez txarangen gorena Iruñean jotzea da. Momentuz, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzen dabiltza eta leku guztietan “Paquito Chocolatero” abestia da izarra: «Nik ez dakit zer duen baina guztien gorputzak jartzen ditu mugimenduan».

Bestalde, uda garaiko abestien akordeak ateratzeko beharraz mintzatu zen lesakarra. «Aurten, maiatzerako ‘Lo Malo’ eskatzen zebiltzan». Kanta hauekin nekadura errazago heltzen delakoan dago bera, eta ez da ari txaranga jotzaileei buruz bakarrik, baizik eta entzuleei buruz ere bai. «Abesti zahar batzuek indarrez jarraitzen dute eta, esaterako, ‘Aldapan Gora’ orain ez da hainbeste aditzen. Kanta batzuk lehertu egiten dira».

Bosgarren urteurrenaren ospakizunetan murgilduta, herriz herri ibiltzeaz gain, beren gozamenerako hartu dute urtea. Aitzakiak aitzakia, herri talde ezberdinekin esperientzia partekatu eta herria alaitzeko asmoz.