INFO

Emakumeek euskal kulturan duten presentzia azpimarratu nahi dute Aste Nagusian

Euskal kultura eta herri kirolei lotutako programazioaren berri eman du Udalak. Ehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte eta, nabarmendu dutenez, emakumeek euskal kulturan duten presentzia nabarmendu nahi izan dute.

Folkloreari eta herri kirolei lotutako programazioaren aurkezpena. (BILBOKO UDALA)

Plaza Barrian eginiko eszenaratze berezi batekin eta euskal dantza talde desberdinetako kideek lagundurik, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak jakinarazi du ehundik gora jarduera izango direla euskal kulturari eta herri kirolei lotuta, hala nola, dantzak, aizkolariak, harri-jasotzaileak, sokatira, erraldoien eta buruhandien kalejirak, bilbainadak, bertsolariak, albokariak, gaiteroak, traineruen estropada eta pilota.

Erraldoiak eta buruhandiak ere protagonista izango dira Aste Nagusian. Egunero, 11.00etan, Euskal Museotik abiatuko dira euren dantza berezi horiekin. Horien ostean, 13.00etan, bertsolariek hitza hartuko dute Santiago plazan. Ordu berean, Bilbainaden zaleek hitzordua izango dute Zazpi kaleetan, Bilbotarrak taldearen eskutik. Asteartean, hilak 21, Larrain Dantza ezaguna egingo da Plaza barrian. Aurten ere euskal jantziekin joateko deia egin diete herritarrei.

Emakumeen presentzia

Aurtengo Aste Nagusian udalak emakumeek euskal kulturan jokatzen duten rola azpimarratu nahi du. Programan emakume askok parte hartuko dute, bai Euskal Folklorearen, bai Herri Kirolen erakustaldietan: Emakumezkoen ligako estropadan, ‘Ez da Kasualitatea’ bertso-saioan, dantzetan zein pilota-partiduetan. Gainera, Herri Kirolen modalitate batzuetan munduko txapeldunak ikusteko aukera egongo da.

Astean zehar, herri kirolen erakustaldiak egingo dira Areatzan, pilota partidak Erripa kaleko frontoian eta Bilbo Hiria XLI. Estropada. Berritasun gisa, aurten estropaden emakumeen ligako estropada egingo da, Emakumeen Bilboko III. Ikurriña.

Bestalde, Areatzako eta Zazpi Kaleetako guneetan, goizean, folkloreak esnatuko du hiria. Hain zuzen ere, txistulariak eta dultzaineroak 10.00etan hasiko dira; arratsaldez, ordea, Plaza Barrian dantzak izango dira, su artifizialak eta kontzertuak baino lehenago.