INFO
Interview
karpatxo-mekanitxin
Aste nagusiko pertsonaiak

Karpatxo eta Mekanitxin: «Haurrek berezkoa dute festarako gogoa»

Aurtengo Aste Nagusiak bi pertsonaia berri ditu: Karpatxo eta Mekanitxin. Haurren programazio berezia gidatuko dute aste osoan, eta patinete gainean ibiliko dira ziztu bizian.


Aurtengo Aste Nagusiak bi pertsonaia berri ditu: Karpatxo eta Mekanitxin. Haurren programazio berezia gidatuko dute aste osoan, eta patinete gainean ibiliko dira ziztu bizian.

Karpatxo bikoteko parrandazalea da, saltsa guztietan ibili ohi dena; Mekanitxin, aldiz, arduratsua da, eta bien arteko oreka mantentzen du.

Txikiak animatu behar al dituzue jaietan sartzen joateko?

Karpatxo: Noski baietz! Aste osoan dantzan eta musika entzuten egon daitezen.

Mekanitxin: Bueno, nik esango nuke umeek berezkoa dutela festarako gogoa, eta beraz, ez ditugu guk animatu behar jaietan sartzen joateko. Hori bai, jakinarazi behar diegu beraientzako toki egokiak daudela. Programazio berezia dago txikienek ere, nagusiek bezalaxe, jaiez disfrutatu dezaten.

Hainbeste ekintza egonda, aukeraketa egin behar da, ezta?

M.: Nik orain dela bi hilabete egin nuen nire jaien antolaketa. Krokis batean dena prest utzi nuen egunez egun egingo nituen gauzak buruan izateko.

K.: Ez pasatu, Mekanitxin! Niri inprobisatzea da gehien gustatzen zaidana. Jaien espiritua entzutea eta berarekin konektatzea! Ura bezala Bilboko jai giroan zehar mugitzea gustatzen zait.

Nola egin behar zaio aurre lehenengo Aste Nagusiari?

K.: Txosnetan gastatzeko diru mordoarekin!

M.: Bueno, bueno Karpatxo... nire ustez ondo pasatzeko gogoa, besteenganako errespetua eta horrelakoak patrikan dirua eramatea baino garrantzitsuagoak dira.

Patinetearena, leku guztietan egoteko trikimailua da?

M.: Bai, honek programazio zabal eta super interesgarriaz gozatzeko aukera ezin hobea ematen digu. Alde batetik bestera joateko modurik arinena da.

K.: Eta psikologikoa da, gainera!

M.: Ekologikoa, Karpatxo!

Su artifizialak ikusi eta gero bukatzen da festa?

K.: Bai zera! parrandak luze irauten du! 24 ordu gelditu barik!

M.: Baina egia da indarrak berreskuratu egin behar direla, hurrengo egunean berriro dena eman ahal izateko.

Gainera, gaueko festaren kontua librea da, eta bakoitzak erabakitzen du zer egin; niri behintzat, egunez dagoen jai giroa gustatzen zait gehien.