INFO
Interview
Iñigo sancho
ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK

Iñigo Sancho, Ongi Etorri Errefuxiatuak: «Alternatiba herritar integral bat gorpuzten ari gara»

Iñigo Sancho Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da. Denbora darama Bilbora heldutako errefuxiatu eta migratzaileei harrera egiteko sortutako sare herritarrean lanean. Azken asteotan heldutako migratzaileen kasuan, lehendabizi Atxuriko auzotarrak izan ziren harrera antolatu zutenak, gero Bilbo Zaharrekoek hartu zieten erreleboa, eta, azkenik, Santutxuko Karmela Bizirik proiektu autogestionatukoek.


Iñigo Sancho Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da. Denbora darama Bilbora heldutako errefuxiatu eta migratzaileei harrera egiteko sortutako sare herritarrean lanean. Azken asteotan heldutako migratzaileen kasuan, lehendabizi Atxuriko auzotarrak izan ziren harrera antolatu zutenak, gero Bilbo Zaharrekoek hartu zieten erreleboa, eta, azkenik, Santutxuko Karmela Bizirik proiektu autogestionatukoek.

Nola ari dira bizitzen Aste Nagusia Karmela Biziriken dauden migratzaileak?

Ezin esan modu bakarra dagoenik. Badira jai eremura jaisten direnak, gehienbat Bilbon geratzeko asmoa dutenak. Beste batzuek, ordea, nahiago izan dute egindako bidaia luzearen ondoren atseden hartu eta emango dituzten hurrengo pausoak zeintzuk izango diren hausnartzea.

Pertsona eta talde askok helarazi diete elkartasuna migratzaileei. Bilboko Udalaren berririk bai?

Instituzioek giza eskubideei ateak parez pare ixten zizkietela ikusita, guk argi genuen hasiera-hasieratik auzoetan harrera dinamika politikoa eratu behar genuela, bestelako balioetan oinarritutako harrera. Hori bai, herri mugimenduetatik egoerari erantzuteko baliabide herritarrak martxan jarri ditugun arren giza eskubideak egikaritu daitezen, Bilboko Udalaren partetik utzikeria eta axolagabekeria izan dira nagusi. Are gehiago, arrazakerian oinarrituriko erabaki politikoak ere hartu dituzte, adibidez Errekaldeko frontoia eta Atxuriko kantxak ixtea migratzaileek bertan lo egiten zutelako. Udal gobernutik jasotzen ditugun berriak, oztopo, muga zein injustizian oinarrituriko erabakiak besterik ez dira.

Alkateak errefuxiatuei buruz hitz egin zuen astelehenean pastel banaketa ekitaldi batean. Migratzaile eta errefuxiatuek pastel horiek probatu al dituzte?

Ez, ez dituzte dastatu, eta ekimen hori aurpegi zuriketa huts gisa baloratzen dugu.

Egiten duzuen lan asistentzialarekin, jaietan parte hartzeko denborarik ba al duzue?

Lan asistentziala Gurutze Gorriak edo instituzioek egiten dute, gu alternatiba herritar integral bat gorpuzten ari gara Bilbo harrera hiri bihurtzeko. Ehunka gara harrera dinamika politikoan murgildurik gauden herritarrak, eta, hori dela eta, egunerokotasunean bezala, militantzia politikoa eta aisialdia uztartzen saiatzen gara jaietan ere.