INFO

Ipar Euskal Herriko eskola gehienak lau eguneko astera itzuliko dira

Hollande presidentearen garaian ezarritako eskola egutegiak ez du asko iraun. Estatuan bezala, hiru ikasturtez indarrean izan ostean, Ipar Euskal Herriko ia eskola guztiak ere lau eguneko astera itzuliko dira. Seaskak ere erabaki bera hartu du.


Ikasturte berria irailaren 3an hasiko da Estatu frantsesean. Ohi moduan izango da nobedaderik, aurtengoan ere. Esate baterako, frantsesaren eta matematiken ikasketa sustatzeko lehen mailako lehen urtetik (6-7 urte) egunero diktaketa eta lau erregelen ariketak egingo dituzte; mugikorrak, tabletak eta antzekoak erabat debekatuak izango dira ikasleentzat eskola eremu osoan eta “Marseillaise” ereserki nazionala ikastea derrigorrezkoa izango da 8-9 urtetik goiti.

Baina aldaketa nagusietakoa eskola egunen kopuruari dagokiona izango da. Azken hiru ikasturteetan lau egun eta erdiko astea indarrean izan da eskola guztietan, hamarkadetan asteazkena eskolarik gabeko eguna izan ostean. Ikasleen erritmoetarako eta pedagogiaren aldetik egokiagoa zelakoan, François Hollande presidente sozialistaren garaian egindako erreformak ez du finkatzeko eta, hortaz, ebaluatzeko aski denbora izan. Hala diote hezkuntza arloan diharduten eragile askok, horien artean, Ainhoako zinegotzi Maite Aspirotek. Bere aburuz, «domaia izan da erreforma hori hobeto ez azaltzea eta ia erabat eskolaz kanpoko jarduera osagarrietan tematu izana, helburua irakasteko denbora hobeto banatzea zenean».

Profesional, guraso eta hautetsien iritziak iritzi, aldaketa horrek hainbat ondorio eta eragozpen eragin zituen, batez ere, gurasoen lan erritmoekin bateratzeko eta eskola ordutegitik kanpo jarduerak antolatu eta finantzatzeko orduan. Hala, udal gehienek, eskola publikoaren kudeaketa beren ardura den heinean, buruhauste dezente izan zituzten lau eguneko astea plantan jarri zenean jarduera osagarriak egokitzeko eta horretan diharduten elkarte, talde eta aisialdiko begiraleekin programak eratzeko.

Macron presidentetzara iritsi bezain laster, lege horren derrigortasuna kendu zuen «Blanquer dekretuarekin», eta iazko ikasturtetik landa aurreko sistemara (lau egunekoa) itzultzeko aukera zabaldu zuen. Eskola batzuek berehala egin zuten hautu hori (Euskal Herrian, %20) baina, gehienek egun batzuk barru hasiko den ikasturtera itxaron dute. Erabakiak pasa den udaberrian hartu zituzten udalbatzek, adibidez, Hendaia, Baiona edota Angelun. Hain zuzen, atzo bertan prentsaurrekoa eman zuen Claude Olive auzapez angeluarrak, bere barrutiko hezkuntza ikuskaria alboan zuela, ikasturte berriaren sartzearen nondik norakoak zehazteko, tartean, hiriko eskola guztiak lau eguneko astera itzuliko direla iragartzeko.

Batez beste, Estatuan ikastetxeen %90 baino gehiagok delibero bera hartu dute eta Ipar Euskal Herrian bakan batzuek soilik (Ainhoa, Irisarri...) mantenduko dute asteazken goiza ere klase eguna duen egutegia.

Seaskan ere bai

Seaska ikastolen federazioa ere lau eguneko astera itzuliko da. Lau egun eta erdiko astearen onuraz jabetzen dira, besteak beste, ikasleei euskara giroan murgiltzeko ordu gehiago eskaintzen dizkielako baina, aldi berean, eskolaz kanpoko jardueren antolamendurako erakundeen laguntza gehienak desagertuko direnez, gaur-gaurkoz ikastolek ezin diote zama horri aurre egin. Dena den, Hur Gorostiaga zuzendariak adierazi duenez, gaia ez dago zeharo itxita: «Aurtengo ikasturtean mahai gainean izango dugu. Astia hartu behar dugu gure ikasleentzat etorkizuneko sistema egokiena zein den eta hori burutzeko baldintzez gogoetatzeko. Ezin dugu beti Parisek hautatzen duen egutegi sistemari besterik gabe lotuak geratu».

Ez da hori buruhauste bakar edo nagusia Seaskarentzat. Izan ere, bederatzi urtetan Hezkuntza Nazionalarekin izan duten hitzarmena bertan behera geratu da aurten. Estatuak hastear den ikasturterako irakasle postuen premiak ez ditu bere gain hartu nahi eta, beraz, «bere egitekoa dena urratu» du. Hala, inoiz baino matrikulazio gehiago izan direnean, soilik 5,5 irakasle postu berri onartu ditu Estatuak. «Gure hezkuntza sistemaren eta antzekoen (diwan, bresola...) berezitasunak eta beharrak ezin ditu gainerako eskoletakoekin alderatu. Gainera, Estatuan oro har ikasle kopurua beherantz doanean, gurean kontrako joera dago eta datozen urteetan gorantz segituko du. Izan ere, gurasoen soziologia asko aldatu da eta jada ez dira, garai batean bezala, erabat konbentzitutako gurasoak soilik beren haurrak Seaskan eskolatzen dituztenak. Aniztasun handia eta panel ideologiko desberdinetatik eratorritako ikasleak ditugu. Normalizazio joera finkatzen doa», dio Gorostiagak. Sakonean, Estatua «garapen horren beldur» ez ote den galdetu du Seaskako arduradunak.

Bere behar pedagogikoak eta funtzionamendua bermatzeko 20 irakasle postu ezinbestekotzat jotzen dituztenez, Seaskak bere gain hartu beharko ditu 14,5 irakasle postuen kostuak: «Jakin behar da Estatuak soilik irakasleen (200 bat orotara) kostua asumitzen duela eta gainerako gastu guztiak (azpiegiturak, funtzionamendua, jangelak, jagoleak, eta abar) gure bizkar geratzen direla», gogoratu du Gorostiagak. Horrenbestez, EEPren eta hautetsiekin batera Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmena lortzeko «negoziazioak jarraitzearekin batera, 14,5 postu horien kostuari nola aurre egin, horiek dira gure aurtengo erronka nagusiak».

Giro nahasian ekingo dio, beraz, ikasturte berriari. Hasteko, Seaskako langile eta irakasleek Paueko Hezkuntza Ikuskaritzan protesta egingo dute ostiralean «zor zaizkigun irakasle postuak» erreibindikatzeko.