Zazpigarrenez bereganatu du Athleticek Euskal Herria Kopa (5-1)
Nagusitasun osoz gailendu zaio Athletic Realari Zornotzan jokatutako Euskal Herria Kopako finalean. Lehen zatian aldea bi golekin egin du talde bizkaitarrak eta bigarren zatian oso eroso aritu dira, amaieran 5-1 nagusitzeko.
Euskal Herria Kopak zortzigarren edizioa izan du aurtengoa, eta Athleticek zazpigarren txapela eskuratu du, azken seirak errenkadan. Markagailua Leiak ireki du, areaz kanpoko jaurtiketa bat eta atezain txuri-urdinaren laguntza apur batekin.
Gaurkoan kontra erasoa izan da bizkaitarren arma nagusia eta eroso egon dira behin lehen gola eginda. Hau baliatuz iritsi da arratsaldeko bigarren gola, Nekaneren oinetatik. Hala iritsi da partida atsedenaldira.
Realak gol bat behar zuen aldageletatik bueltan, baina hau bizkaitarrek lortu dute, Marta Unzue nafarrarak korner batean erdietsia. Honen ostean bai, iritsi da gipuzkoarren gola, Nuria Mendozak falta bat ederki jaurti eta gero.
Saiatu dira gipuzkoarrak partida amaitu bitartean, eta izan dituzte haien aukerak, baina zutoinak ez dituzte lagun izan, eta golak, aldiz, bizkaitarrek egin dituzte Ainhoa Morazaren eskutik. Azkenean 5-1 eta garaipen garbia Joseba Agirreren taldearentzako, ligari hasiera emateko astebete baino falta ez denean.
Zazpigarren EH Kopa eskuratu dute zuri-gorriek. Azken seiak segidan. Realak badauka zer landu aldea murriztu nahi izanez gero. Hurrengo asteburuan hasiko da liga, iazko itxura hobetzea helburu. Animo! https://t.co/WsulTUIEjV
— Ane Urkiri Ansola (@Ane_Urki) September 1, 2018