INFO

Hondarribian bere bikotekide ohiari eraso egin zion gizonaren bila ari da Ertzaintza

Bere bikotekide ohiari eraso egin zion gizon baten bila ari da Ertzaintza. Erasoa Hondarribian gertatu zen joan zen ostiralean eta Udalak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. Donostian, berriz, eguerdian kontzentrazioa egin dute, igandean Zurriola hondartzaren inguruan gertatu zen sexu-erasoa gaitzesteko.

Zurriolan izan zen sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostian eguerdian. (DONOSTIAKO UDALA)

Hondarribiko Udalak kontzentrazioa deitu du gaur 18.30erako San Pedro kalean, ostiral arratsaldean Zumardi inguruan izan zen erasoa gaitzesteko. 

Arratsaldeko 15.25 aldera jazo zen; gizon batek bere bikotekide ohia jo egin zuen eta ihes egin zuen. Gizona identifikatuta dago eta Ertzaintza haren bila ari da.

Udalak adierazpena kaleratu du eta bertan bere «gaitzespen irmoa» agertu du gertatutakoaren aurrean. Erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna helarazi dio. 

«Eraso horrek gizon-emakumeen arteko errespetuzko bizikidetza urratu du eta tankera horretako eraso guztiak, giza-eskubideen urraketa diren neurrian, Hondarribian lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du Hondarribiko Udalak, pertsona guztiek, emakume nahiz gizaseme, elkarrekin duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu», adierazi du.

Bestalde, Donostian elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Udalak deituta, igandean Zurriola hondartzaren inguruan izan zen sexu-erasoa salatzeko.

Juan Ramon Viles behin behinko alkateak azaldu duenez, Udalak «bikoiztu» egingo du segurtasuna Zurriola inguruan. Orain arte gune horretan segurtasun neurri «garrantzitsuak» zeudela esan du, eta nahiz eta inguru hori «puntu kritikotzat» ez duten jotzen, segurtasuna bikoiztu egingo dute.