INFO

Mobilizazioa deitu du Seaskak larunbaterako, Pauen

Bordeleko Akademiako errektoreak, Olivier Dugripek, ikasturte berriaren hasieran inolako arazorik ikusi ez duen arren, Hezkuntza Ministerio frantsesak ukatu dituen postuengatik kezkatuta jarraitzen du Seaskak. Akordiorako aukerarik ikusten ez dutenez, larunbaterako protesta berri bat deitu dute, Pauen, ministroak egingo duen bisitaren harira. 

Olivier Dugrip, Bordeleko Akademiako errektorea, Donibane Lohizuneko eskoletara eginiko bisitan. (Iurre BIDEGAIN)

Seaskak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Bordeleko Akademiako errektoreak bilera egin dute ikasturte hasierako egoera aztertzeko. Gobernu frantsesak ukatu zituen postuen inguruan ez dute inolako aurrerapausorik eman eta, hortaz, Seaskak adierazi du ez dagoela hitzarmen berri bat sinatzeko oinarririk, lehentasuna egungo egoera larriari konponbidea ematea dela uste baitute. 

Hori dela-eta, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi eta hurrengo zitaren berri eman dute. Larunbat goizean egingo dute protesta, Pauen, Hezkuntza ministroak, Jean Michel Blanquierrek, bertara egingo duen bisitaren harira.  

Bileraren aurretik, goizean Olivier Dugripek eta Pierre Barrière Bordeleko Akademiako zuzendariak Donibane Lohizuneko bi eskola bisitatu dituzte, Kazetak eta Mediabaskek berri eman dutenez. Seaskari ukatu zaizkion postuez mintzatzeko baliatu du hitzordua Dugrip errektoreak, ikasturte berria «baldintza onetan» egin dela nabarmentzeko, hain zuzen.

Dugripek esan duenez, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Seaskarekin batera duen hitzarmenean lan egiten ari da Estatua. Alabaina, Seaskak nabarmendu du hitzarmen berriaz hitz egin aurretik gaur egungo egoera konpontzea da lehentasuna.

Prentsaren aurrean eginiko adierazpenetan, akordioaren alde «baikorrak» azpimarratu nahi izan ditu errektoreak, «euskarazko irakaskuntza garatzea» ahalbidetu duelako. Horregatik baieztatu du Seaskarekin lan egiten jarraitu nahi duela.

Hezkuntza Ministerioak ukatu dituen 20 postuen inguruan galdetu diotenean, esan «lortzen ahal ez diren anbizioak izaten ahal ditugula», baina ez dagoela postu horien «beharrik».