INFO

Presoen alde, arraun


Datorren urriaren 20ean Bilbok euskal presoen aldeko mobilizazio jendetsu bati egingo dio harrera. Espetxe politikaren aldaketa sustatu gura du hitzorduak eta norabide horretan arraun egin nahi duten guztiak batu nahi dituzte bertan.

Arraun egiten abilak diren arraunlarien babesa eskuratu dute dagoeneko. Izan ere, Sarek igorritako bideoan asteburuan Donostiako Kontxako Banderako lehen saioan parte hartu zuten arraunlari askoren atxikimendua ikusi daiteke, bai eta deialdiak berak estropadan zehar izan zuen presentzia ere.

Kultura, unibertsitate, politika eta komunikazioko 46 aurpegi ezagunek plazaratu zuten joan den ekainaren 2an ‘Orain Presoak’ deklarazioa. «Korapiloak askatzeko unea» dela sostengatuta, lau ardatz ikusten dituzte sinatzaileek berehala konpondu beharrekoak: Urruntzea; Larriki gaixo dauden presoen egoera; Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa eta lehen graduen aldaketa.