INFO

Flamenko topaketak irailean zehar Bilbon

Bilboko Udalak Una Ría con Duende izeneko Flamento Topaketen 13. edizioa antolatu du eta lau emanaldi egingo dituzte irailean zehar.


Una Ría con Duende izeneko Flamento Topaketen 13. edizioa irailaren 8an hasiko da, eta hilabete osoan zehar lau emanaldi eskainiko ditu Ibaiondoko barrutian. Ekimenak hiriko kultur hitzordu nagusien artean finkatzea lortu duela dio Bilboko Udalak, «gonbidatutako artisten kalitateagatik eta emanaldietara gero eta jende gehiago hurbiltzen delako».

Modu honetan, zikloa hasteko, María Molina dantzariaren konpainia ariko da larunbatean, Angel Velazquez gitarrista beteranoarekin batera. Saioa iluntzeko 20.00etan hasiko da, Areatzako aterpean, eta sarrera librea izango da.

Egitarauak irailaren 15ean jarraituko du, Bidebarrietako liburutegian, José Vital ‘El Caramelo’ eta Laura Vital artistekin. Irailaren 22an, Angela Carbajoren flamenko konpainiaren txanda izango da, Atxuriko Gizakundearen elizan, eta bukatzeko, irailaren 29an, Raúl ‘El Perla’ gitarrista eta Luis Peña kantari eta dantzaria ariko dira, Bilborock aretoan.

Bestalde, ohikoa denez, gitarra, txalo eta konpas, kanta eta dantza flamenkoko tailerrak izango dira San Frantziskoko udal zentroan, hasierako mailan, maila ertainean eta aurreratuan, ibilbide eta esperientzia luzeko irakasleekin. Gainera, egitaraua osatzeko, 6 eta 10 urte arteko umeei eta haien gurasoei zuzendutako saio didaktikoa izango da irailaren 27an, Ibaialdeko udal liburutegian, Eduardo Floridok dinamizatuta.

Horrez gain, irailaren 25ean, Bilbao Musika udal erakundeak ‘El flamenco y otras músicas’ izeneko kontzertu didaktikoa eskainiko du, flamenkoak musikako beste estilo batzuekin dituen harremanak eta loturak erakusteko.