INFO

Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko ditu Ernaik borrokarako espazioak eskainiz

Urriaren 11,12 eta 13an Ernaik antolatutako Gazte Birak Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko ditu. «Hezkuntza sistema, enplegua eta etxebitzaren bueltan pairatzen dugun problematika iraultzeko lehen planteamendu eta urratsak emango ditugu», azaldu dute Gasteizen.

Gasteizen burututako agerraldia. (Endika PORTILLO/FOKU)

Urriaren 11, 12 eta 13an Gazte Birak Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko ditu, Gasteiztik hasi eta Iruñean bukatuz, Bilbo eta Donostiatik pasa ondoren. «Hezkuntza sistema, enplegua eta etxebizitzaren bueltan pairatzen dugun problematika iraultzeko lehen planteamendu eta urratsak emango ditugu», nabarmendu dute Lur Albizu eta Asier Zamorano Ernaiko kideek Gasteizko Boulevard merkataritza-gunearen aurrean burututako agerraldian.

Azaldu dutenez, hiriburu bakoitzean ildo jakin bat jorratuko da, «formakuntzarako eta aisialdirako aukerak eskainiz». «Hezkuntza, etxebizitza, enplegua eta feminismoa izango dira hiriburu bakoitzean landuko diren gaiak, beti ere gazteok pairatzen dugun prekarietatea oinarri hartu eta sortutako dinamika edo alternatibak plazaratuz», gaineratu dute. Izan ere, prekarietateak gazteon bizitzak zeharkatu dituela salatu dute, eta «ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da».

«Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da. Eta datozen urteetako eskaintza inboluzionista, antidemokratiko, antisozial, autoritario eta errepresiboa izango dela ondoriozta dezakegu panorama politiko-instituzionalaren argitan», nabarmendu dute, eta haien ustez, «guzti hori ezinezkoa izango litzateke, euzko-labeldun erregimenak 'arduraren' aitzakian gure herria interes kapitalista eta patriarkalaren arabera saldu eta erosiko ez balu». «Eskema argia da; elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, Bruselak diktatu, Estatu espainol eta frantsesak inposatu eta dependentziaren aitzakian hemengo agintariek aplikatu. Erregimenaren piramidea», salatu dute.

Eta gazteak egoera honi aurre egiteko prest daudela azpimarratu dute. «Nazkatuta gaude eta ez daude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Gure hautua argia da: era duinean lan, ikasi eta bizi nahi dugu. Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu. Auzolana, burujabetza, lan autonomo eta sortzailea, kooperatibismoa, parekidetasuna, jasangarritasuna, demokratizazioa, Herria, bizipoza, euskara... ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu. Euskal Herrian bizi nahi dugu».