INFO

Harrera feminista egin diote Munillari Arrateko santutegian

Ekintza feminista baten jomuga izan da Donostiako gotzain Jose Ignacio Munilla, Carmelita Samaritanen komentu berriari harrera egiten zion bitartean.

This browser does not support the video element.


«Munilla, deabrua zure bila» eta «gora borroka feminista!» moduko oihuak entzun ziren atzo goizean Arrateko santutegian, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren etorrerarekin bat.

Carmelita Samaritanei ongi etorria egitera hurbildu zen Munilla Arratera. Moja talde hori Krabelin hotela zegoen eraikinean egongo da aurrerantzean, Donostiako gotzaitegiarena den jabetza komentu bihurtu ostean.

Komentu atarian, baina, Eibarko Nalua talde feministako kideekin egin zuen baina topo Munillak. Maskarak aurpegian eta bularrak bistan, borroka feminista goraipatu zuten ekintzaileek elizgizonaren aurrean. Hamar bat emakumeek, pankarta eskuan, komentu sarreraino lagundu zuten gotzaina eta haren ondoan zegoen monja.

Ekintza bideo bidez zabaldu du Nalua talde feministak berak bere Twitter kontuan.

Martxoaren 8an mugimendu feministak antolatutako mundu mailako plantoaren aurrean, feminismoaren kontrako adierazpen polemikoak egin zituen Donostiako gotzainak. «Abortu librea, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik, deabruak feminismoan gola sartu duela» iritzi zion. Radio Maria irratian orduan egindako adierazpenetan «feminismo erradikalak emakumea bera eta kausa feminista biktima moduan» dituela salatu zuen ere.

Adierazpen horiek protesten jomugan jarri zuten Munilla, eta martxoaren 8an bertan Donostiako Artzain Onaren katedralaren parean gerritik gora biluztu ziren emakume batzuk protestan.