INFO

Hezkuntza eraldatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute ikastolek

Lehen aldiz Nafarroan eman dio hasiera Ikastolen Elkarteak eta lehen aldiz Hezkuntza kontseilari batek (Nafarroakoa, Maria Solanak) hartu du hitza ekitaldian. Elkarlanaren bitartez hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute ikastolek.

Atarrabiako ekitaldian izan diren ikastoletako arduradunak eta gonbidatuak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen» lelopean egin du Ikastola Elkarteak kurtsoaren hasierako ekitaldia Atarrabiako Kultur Etxean. Gonbidatuen artean Maria Solana ezezik Lakuako Hezkuntza sailburuorde Olatz Garamendi bazen, EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz eta Miren Aranoa, Geroa Baiko Consuelo Satrustegi eta Atarrabiako alkate Mikel Oteitzarekin batera. ANEL, Mondragon Unibertsitatea, Kristau Eskolla, LAB, Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskarabidea eta Elkarreko ordezkariak ere izan dira Atarrabian.

Ikastolek aintzindari lana egin dutela eta eredugarriak izan direla nabarmendu du Solanak, Nafarroako Gobernua, aldaketaren ildotik, irakaskuntzaren eraldatzean aritzen dela gaineratuz. Euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko euskarazko irakaskuntza ezinbestekoa dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, eta egun herrialde honetan haurren herenak D ereduaren aldeko hautua egiten duela azpimarratu zuen.

«Nafarroako Gobernuak zor handia du ikastolekin», esan du Solanak, akordio programatikoan egindako lanari aitortza egiten zaiola gogoratuz.

Mikel Oteitzak ikastolen lanaren garrantzia azpimarratu du, Atarrabian Paz de Ziganda ikastolak 50 urteko ibibidea egin duela nabarmenduz. Hasierako balioak (euskara, kooperatibismoa, ...) oraindik indarrean daudela eta Euskal Herriko eta Nafarroako txoko guztietara euskara eraman dutela txalotuz. Paz de Zigandako ikastolako abesbatzak ere parte hartu du ekitaldian.

Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk egun lurraldearen erdian baino gehiagon euskara ez dela ofiziala adierazi du, egoera hori aldatzearen alde azaldu delarik.

Ipar Euskal Herriko egoera ere aipatu du Tellituk, aurrera doazela nabermenduz. Ildo honetan, Emmanuel Macronen Gobernuak Seaskarekiko jarrera «kolonialistak« dituela salatu du. «Baina ez ditu ikastolak itoko», esan du.

50 urte betetzearen den Seaskaren indarra erakusteko, lehen andereñoa izan zen Libe Goñi, bere alaba Irati Salaberria-Goñi gaur egun irakasle dena eta Lore eta Maiana bilobak ikastolako ikasleak izan dira oholtzan. Ipar Euskal Herrian euskararen alde egin duten hiru belaunaldiren isla izan dira.

EAEri dagokionez, Hezkuntza Lege berriak aurrepausuak emateko aukera dela esan du ere Tellituk. «Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrtas bat gisa ikusten dugu», esan du.

«Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua», esan du.