«Sarrionandia ezagutzen duzunean diozu, ‘nola bizi izan naiz ni hau gabe?’»
Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa oinarri hartuta hamabi zine zuzendariren film laburrak biltzen ditu ‘Gure oroitzapenak’ filmak. Mireia Gabilondo da sinatzaileetako bat.
Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa jarri dute oinarrian Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi zine zuzendarik ‘Gure oroitzapenak’ filma osatu ahal izateko. Nork berea egin du okasiorako eta emaitza, zuzendariak adina, askotarikoa da. Badira dokumentalera hurreraketa egiten duten lanak, bada animazioa erabiltzen duenik eta gehienek fikziorako bidea hartu dute. Guztietan, baina, Sarriren silueta ikus daiteke itzalen atzekaldeetan. Bere haurtzarora atzera egin daiteke, edo espetxeko patioan amari eskaini zion poema ikus begien aurrean, bada torturaren gaia pantaila aurrean jartzen duenik, edo bere unibertsaltasuna aldarrikatzen duenik.
Mireia Gabilondo (Bergara, 1965) da sinatzaileetako bat eta hain zuzen hori da azpimarran jartzen duena; txikian handi izateko gaitasuna. «Txikitasuna ez dago handitasunarekin haserre, elkarrekin doazen hitzak dira. Zenbat eta hobeto erakutsi gure txikitasuna, gero eta unibertsalago bihurtzen da», aipatu du zuzendariak NAIZekin egindako elkarrizketan.
«Mikel Labaoren bitartez hasi nintzen poeta ezagutzen. Bere poesia oso potentea, pertsonala, benetakoa eta gertutasunez sentitu dut betitik. Oso poeta handia da. Hori ez da ahaztu behar. Askotan gurea delako, edo euskalduna delako, txikitasun horretan geratzen gara, eta uste dut txikitasun horrek kristoren handitasuna duela. Txikitasun horretan handienetarikoa da niretzat. Asko ikasi dut bizitzen bere imaginario horrekin, bere hitzekin», gaineratu du.
‘Propostas para a definiçao do exilo’ poema hartu du oinarri Gabilondok bere laburrerako. Aspalditik ezagutzen duen poema da. «Sarriren poesiarekin lan egin izan dut, Kukai eta Tanttakarekin elkarlanean egin genuen ‘Hnuy illa’, adibidez. Lan hartan landu nituen batez ere Sarriren poesia eta liburu horretako poemak. Poematxo hori –‘Propostas para a definiçao do exilo’– orduan ja musikatu genuen. Musika jarri genion poemari, Maria Berasartek kantatuta eta Iñaki Salvadorren arregloekin. Hori egina neukan, orduan geratu nintzen gehiago lan egiteko gogoarekin. Poema hau bereziki aproposa iruditzen zait filmerako, uste dut oso irudi potenteak dituela».
Jatorriz portugaldarrez idatzi zuen bere garaian Joseba Sarrionandiak eta izaera originala errespetatu du. Film laburraren grabaketa Lisboan egin zuen Gabilondok eta, hartara, gaur egunera ekarri du idazle iurretarraren poema. «Sarrik aipatzen duen exilio hori gaur egunera ekartzea pentsatu nuen eta gaurko emakume bat aukeratu nuen. Ia dokumental bihurtu da, erakusten baitu Afrikatik etorri den emakume baten egunerokoa, poemak berak dituen irudiekin nahastuz».
Joseba Sarrionandiaren obraren jarraitzaileek aise identifikatuko dituzte bere unibertso poetikoko hainbat giltzarri eta ikusiko dute nola bere poemek mugak zeharkatuko dituzten, nazioarteko hainbat herrialdeetaraino iritsiz, Estatu frantsesa, Kurdistan edo Kuba, esaterako.
Ezagutzen ez dutenentzat ere txanza izango dela iritzi dio Gabilondok, ate berri bat zabalduko zaielakoan. «Ezagutzen ez dutenek aukera handia dute Sarri ezagutzeko. Zabalduko zaie ate berri bat eta Sarri nor den jakiteko gogoa areagotuko zaie. ‘Hnuy illa’ egin genuenean Mexicon egon ginen, Portugalen ere bai. Poema batzuk esku orrietan itzuli egiten genituen eta beti gauza bera entzun izan dugu, ‘ze interesgarria, zein da poeta hori?’. Sarri ezagutzen ez duenak zulo handi bat dauka. Ezagutzen duzunean esaten duzu, ‘nola bizi izan naiz ni hau gabe?’».