INFO

Emakume bizkaitar baten bi alabak hil zituen bikotekide ohiak asteartean Castellon

Emakume bizkaitar baten bikotekide ohiak 3 eta 6 urteko alabak hil zituen asteartean Castellon eta ondoren bere buruaz beste egin zuen. Amak salaketa jarri eta babeserako neurriak eskatu zituen, baina ezezko erantzuna jaso zuen.


Astearte goizaldean larrialdi zerbitzuek dei bat jaso zuten esanez gizon batek bere buruaz beste egin zuela leihotik behera jauzi eginez.

Lekura iritsi zirenean gizona hilik zegoela baieztatu zuten eta haren etxera igo ziren gero. Bertan aurkitu zituzten bere bi alabak, 2 eta 6 urtekoak, labankadaz hilik.

‘El Correo’ egunkariaren arabera, Nerea eta Martina txikien ama 42 urteko psikologo bizkaitar bat da, Itziar izenekoa.

Bikotea bananduta zegoen eta emakumeak salaketa jarria zuen. Eskatu zituen babes neurriak ukatu zizkioten. Aurkeztu zuen helegiteak ere ez zuen aurrera egin, epailearen arabera, arrisku maila baxua zelako eta emakumearen errelatoan zein gizonarekiko harremanean «inkoherentziak» antzeman zituztelako.

Gobernu espainolak Valentziako Erkidegoan daukan ordezkariak, Juan Carlos Fulgenciok, esan zuen «agerikoa» dela arriskua ez zela «modu egokian» baloratu eta, horregatik, protokoloak aztertzeko beharra nabarmendu zuen.

Estatu espainiarreko Herriaren Defendatzaileak, Francisco Fernandez Maruganek, ikerketa bat abiatu du ofizioz, auziaren nondik norakoak aztertzeko.

Haatik, Castelloko Audientziako presidenteak, Jose Manuel Marcok, babestu egin du babes neurriak ukatzeko erabakia hartu zuen epailea, egoki jokatu zuela esanez.