INFO

Izarrei hauspoa ematen dieten jarraitzaileak

Zinemaldiko azken eguna da gaur baina ez horregatik ahulagoa. Azken orduak indartu egin dira Chris Hemsworth eta Bradley Cooperri esker. Izan ere, jarraitzaileekin bereziki atseginak izan dira biak.

Chris Hemsworth jarraitzaile batzuekin argazkia ateratzen.

Lily-Rose Depp eta Robert Pattinson ziren aurtengo edizioko izarren artean Maria Cristina Hotelaren parean jendetza pilatu zuten bi, baina haiekin jarraitzaileak ez ziren pozik gelditu. Prentsa ere ez. Orduetan zehar haien zain egon ostean, iritsi bezain laster hotelera sartu baitziren inor agurtu gabe. Aktorearen kasuan, diote errekorra hautsi zuela 6 segundu besterik ez zituelako behar izan autotik atera eta hotelaren babespean sartzeko.

Bradley Cooper atzo iritsi zen eta bere zain zeudenek eskertu zuten harrera beroa egin zielako. Gaur alfonbra gorrian ikusi ahal izan dugu "A star is born" filmaren pasera joan delako Victoria Eugeniara; honakoa 1937ko filmaren remake bat da, eta Lady Gaga abeslariarekin batera aritu da. Gainera, zuzentzen duen lehen lana ere bada. Maria Cristinatik antzokira dagoen tarte laburrean mantxo ibiltzen joan da, alde batera eta bestera agurzen. Jarraitzaileak gertu zituen tarteetan, gainera, haiekin argazkiak ateratzen egon da. Nahi baino azkarrago ibili behar izan da, filma hastear zegoelako. Hoteletik lehenago ateratzekoa zen, baina, Chris Hemsworth iritsi zai gelditu behar izan da bi izarrek topo ez egiteko; lehenengo bat, gero beste, protagonismoa ez kentzeko. 



Hala, Hemsworth berandu iritsi da Biarritzeko aireportura. Tartean, jende pila bat zegoen bere zain. Thor jainkoaren paperarengatik bereziki ezaguna da izarra, eta horregatik jarraitzaile batzuk pertsonaiaren mailua zeramaten. Beste taldetxo batek "The Avengers" saileko komiki batzuk zituen. Maitasun keinuak egin dizkiote jarraitzaileek aktoreari, eta honek berdin erantzun zuen. Alde batera eta bestera egin du jendeak garraxi egiten zion bitartean. Azkenean guztiek atera ahal izan diote argazki bat gertutik, eta zortea izan dutenek, selfie bat edo sinadura bat ere eraman dute etxera.


Miresten ditugun izarrak gertutik ikustea zirraragarria da, baina esango nuke oraindik politagoa dela ingurura begiratzea. Argazkilarien pasioa, argazki eder batengatik nola borrokatzen diren ikusteak, betetzen nau. Eta zer diozue jendeari buruz? Jarraitzaile horiek, ilusioaren ilusioz denbora pila bat itxaroten dutenak, euren idoloen izena oihukatzen ahotsa uzten dutenak, irribarra ahotik kendu ezin dutenak. Eta segundu batean inoiz ahaztuko ez duten oroimen bat sortzen dute. Izarrek jakin beharko lukete hori ere badela beraien lana; harro egoteko moduko lana.