INFO

Zaramagako San Frantzisko eliza memoria eta giza eskubideen zentro bihur dadila eskatu dute

1976ko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen tokia, Zaramagako Asisko San Frantzisko eliza «memoria inklusiboa bizirik mantentzeko ikur» bihur dadila eskatzeko agerraldia egin du Gasteizen Memoria Gara ekimenak. Hamarka lagunek egin dute bat jada ekimenarekin. 

Memoria Gara ekimenaren aurkezpena, Gasteizko Zaramaga auzoan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Asisko San Frantzisko elizaren aurrean aurkeztu dute Memoria Gara ekimena, Martxoaren 3ko sarraskia hartu zuen tenplua memoria eta giza eskubideen zentro bilakatzeko aldarrikapena plazaratu duena. 

2014tik ez da egin elizkizunik Zaramagako eliza horretan eta plataformak Apezpikutzari eskatu dio «memoriaren ikur adierazgarrienetako bat bezala kontserbatzeko» baimena eman dezala. Erakunde publikoei elkarlana galdegin diete eta Gasteizko jendarteari aldarrikapenarekin bat egin dezan eskatu diote. 

Hainbat izen ezagunek egin dute bat dagoeneko plataformak plazaratu duen manifestuarekin. Gasteizko alkate izandako Jose Angel Cuerda; Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez Aranburuzala eta Andoni Txasko; Eloi Beato, Gorka Aginagalde eta Unax Ugalde aktoreak; Iñaki Ortiz de Villalba musikaria; Mauro Entrialgo komikigilea; Irantzu Lekue artista edota Juanjo Mena orkestra zuzendaria dira horietako batzuk.

«Memoria historikoak betiko batu ditu 1976ko martxoaren 3a eta Asisko San Frantzisko elliza eta, horrekin batera, etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenak», dio manifestuak. 

Egun hartan elizan egiten ari zen bilkura baten aurka oldartu eta bost langile hil zituen Polizia Armatuak, ehunka zauritu eraginez. Gertakari horiek «odolez hiriaren gogoan» daudela nabarmendu dute eta, horregatik, tenpluak sarraskiaren memoriari lotutako proiektu bat har dezala eskatu dute, memoria eta giza eskubideei lotutako politikak garatzeko ere balio dezan.