INFO

Eskubideak bermatuko dituen legea nahi du Kontseiluak Nafarroan

Herritarren eskubideak errespetatzea. Hori da atzo Nafarroako Parlamentuan Kontseiluak Euskararen Lege berri bat egiteko proposamenaren oinarria. Horretarako, ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea eta zonifikazioa gainditzea ezinbestekotzat jotzen dira.


Herritarren eskubideen errespetuan oinarritzen da atzo Kontseiluak Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berri bat egiteko aurkeztu zuen proposamena. Hizkuntza eskubideak herritarren eskubideak direla nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Horretarako, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatu behar dela nabarmendu zuen.

Kontseiluak atzo Parlamentura eraman zuen proposamena herritarrek bizitako egoeretan oinarritzen da. Lege berri bat egiteko aukera aztertzeko batzordea osatu zenetik horretan aritu da.

Gauzak horrela, euskaraz bizi nahi dutenek urratuak ikusten dituzte eskubideak udal administraziora edo Osasunbidera jotzen dutenean. Urraketa horiek eremu «ez euskaldunean» gertatzen dira, baita «mistoan» eta «euskaldunean ere».

«1986an onartu zen Vascuencearen Legeak Nafarroaren zonifikazioan arreta jartzen du eta ez herritarren eskubideetan», salatu du. Horrez gain, Nafarroako legea Estatuan bi hizkuntza propio dituzten elkargoetako ahulena dela gogorarazi du.

UPN eta PP ez dira batzorde honetara joaten eta ez dute Kontseiluaren proposamena entzun. PSNko Inma Juriok egungo markoaren alde egin du, «errealitate soziolinguistikoarekin bat» egiten duelakoan.

Geroa Bai-ko Jokin Castiellak, EH Bilduko Dabid Anautek eta Ahal Dugu-Orain Baiko Carlos Cousok begi onez ikusten dute herritarren eskubideetan oinarritzen den lege bat, eta zonifikazioa gainditzearekin bat egiten dute.

I-Eko Jose Miguel Nuinek legea «progresibitatearekin» egin behar dela adierazi du, «gizarte adostasunak» beharrezkoak direla gaineratuz.