INFO

Agur beroa sarean, bere bidea amaitutzat eman duen Delorean taldeari

Delorean talde zarauztarrak banandu egingo dela iragarri ostean, jarraitzaileek agur eta esker mezuak bidaltzeko baliatu dituzte sare sozialak.

delorean

18 urteko ibilbidearen ostean, banatu eta agur esan du Delorean taldeak. Zarautzen 2000. urtean sortutako taldeak zortzi diskotan bildu duen ibilbidea ixteko ordua dela erabaki du aho batez eta bira bat egingo dute, agurtzeko.

Sare sozialen bidez jakinarazi du musika talde zarauztarrak taldeak ez duela jarraituko. Instagram kontuan idatzitako mezu zabal batean azaldu dute erabakia, «artea eta musika benetan direnari leial izanik, desiatzen duguna eginaz eta egiten duguna desiatuz» agur esaten dutela diote.

Jarraitzaileei eskerrak eman dizkiete sarean eta haiek ere esker onez taldea agurtzeko baliatu dituzte sareak. Askok euren abesti gogokoena ekarri dute lerrotara.