INFO

Herritarron Ituna Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan entregatu du Gure Esku Dagok

Euskal herritarrek erabaki nahi izateko dituzten arrazoian biltzen dituen Herritarren Ituna Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan entregatu eta talde parlamentario guztiei banatzeko eskaera egin du Gure Esku Dagok. «Ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa» dela azpimarratu dute. 

Gure Esku Dagoko kideak, Herritarron Ituna eskutan. (GED)

Joan den ekainaren 10ean, 175.000 herritarrek Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean osatu zuten giza kateak adierazten du, Gure Esku Dagoren esanetan, «erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak gehiengoaren sostengua duela gure gizartean» eta hura gauzatzeko konpromisoa «oos sendoa» dela. 

Giza katearekin batera, herritarrek erabaki nahi izateko dituzten arrazoiak biltzeko ekimena abiatu zuten. Mila lagun baino gehiagok hartu zuten parte herriz herri antolatutako dinamiketan eta, guztira, 2.019 arrazoi bildu dituzte dokumentu batean, gaika sailkatuta. Horixe da, hain zuzen, Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan ofizialki eraman dutena. 

«Oso dokumentu interesgarria da, herritarron konpromiso eta borondatearen isla den heinean», azpimarratu dute Gure Esku Dagoko kideek, nabarmenduz «ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa» dela. Horregatik eskatu dute Herritarron Itun hori talde parlamentario guztiei helaraztea.

«Giza katearen mobilizazioak eta 2.019 arrazoien bildumak adierazten dute 2019. urtean erabakiaren aroa ireki ahal dugula, aukerak badaudela eta herritarroi dagozkigun ardura eta konpromisoak hartzeko prest gaudela», esan dute. 

Gure Esku Dagoren iritziz, «balio handia» dauka Parlamentuko Autogobernu Lantaldean Estatus Berriaren inguruan lortutako akordioa, «erabakitzeko eskubidea jasotzen duelako eta erakundeen eta giza katean mobilizatu ziren herritarren arteko sintonia erakusten duelako». 

Gaineratu dutenez, «Nafarroa Garaian ere, erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizun politikoa eraikitzen hasteko garaia da». «Datorren legegintzaldiari begira, estatus politikoari buruzko eztabaida instituzional eta sozialari bide ematea nagusia izango da», esan du Gure Esku Dagok. 

Azkenik, gogoratu dute azaroaren 18an Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin herri galdeketak egingo dituztela.