INFO

60 alkategai inguru hautatzeko prozesua abiatu du EH Bilduk

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 60 alkategai inguru eta Europako hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesuak irekita ditu koalizioak. Datozen asteetan, abendura bitarte, eginen dute aukeraketa.

Joseba Asironek Iruñeko alkategai gisa errepikatuko du. . (Iñigo URIZ / FOKU)

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 60 alkategai inguru hautatzeko barne prozesua abiatu du EH Bilduk. Herri horietan jada irekita dago alkategai izan nahi duenak izena emateko prozesua.

Behin proposatutako izenak onartuta, eta hautagai bat baino gehiago egonez gero, EH Bilduk barne hauteskunde prozesua abiatuko du. Azken kongresuan barne funtzionamendurako kode etikoa indarrean jartzea erabaki zuen eta «erabakiak modu partekatuan hartzeari garrantzia ematea».

Hautagai bat baino gehiago dagoen kasuetan, hautagaiek aukera berdintasunean eta baliabide berekin lehiatzeko baliabideak jarriko ditu eskura koalizioak, «kanpaina irekia eta gardena izateko helburuarekin». Kanpaina amaitutakoan, botoa modu telematikoan (elkarrekin.ehildu.eus aplikazioaren bidez) eta modu presentzialean eman ahal izango da.

Datozen asteetan, abenduan zehar, udalerri guztietako alkategaien aukeraketa eginen dute. Eta modu berean, zerrenda osatzen duten kide guztien aukeraketa.

Prozesu bera erabiliko da Nafarroako lehen postuetako zerrendak aukeratzeko, lehendakaritzarako hautagaia nor izango den hautatua baitute: Bakartxo Ruiz. Iruñean, era berean, Joseba Asironek errepikatuko du zerrendaburu moduan. Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion izango dira, berriro ere, Arabako Batzar Nagusietarako eta Gasteizko Udalerako EH Bilduren zerrendaburuak. Gipzukoan, aldiz, Donostiako alkate-ohi Juan Karlos Izagirre aurkeztuko dute, gipuzkoar hiriburuan Reyes Carrere izango den bitartean.

2019ko udal eta foru hauteskundeetan, Bizkaian, Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia izango dira, hurrenez hurren, Batzar Nagusietarako eta Bilboko Udalerako zerrendaburuak.

Halaber, Europako hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesua irekita dago. Hautagai bat baino gehiago egongo balitz, barne hauteskunde prozesua irekiko litzateke, kanpaina lehia berdintasunean egin ahal izateko helburuarekin.