INFO

Irungo Martindozenea aterpetxea egunez ere egongo da zabalik ostegunetik aurrera

Migratzaileei arreta emateko Irungo Marindozenea aterpetxea irekita egonen da egunez ere, azaroaren 1etik aurrera. Migratzaileei babesa emateko sareak aldarrikatutako aldaketa honen ondotik, 24 orduko zerbitzua eskainiko du.

Migratzaileei arreta emateko Irungo Marindozenea aterpetxea irekita egonen da egunez ere. (Gorka RUBIO / FOKU)

Irungo Martindozenea aterpetxea egunez ere egongo da operatibo eta erabilgarri ostegunetik, azaroaren 1etik. «Beste nonbaiterako bidean dauden pertsona migratzaileei premiazko arretara zuzendutako egoitza da Martindozenea», adierazi du Lakuak ohar baten bidez. Modu honetan, aterpetxea eguneko 24 orduetan erabili ahal izango da, Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Gurutze Gorriak hitzartu dutenaren arabera.

Lakuako Gobernuak, EAEko Gurutze Gorriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak datorren astean zehaztuko dituzte Martindozenea aterpetxeak eguneko 24 orduetan eskainiko duen laguntza kudeatzeko xehetasunak.

Martindozenea udal aterpetxea nonbaiterako bidean dauden pertsona migratzaileei aldi baterako harrera egiteko baliabidea da, eta Gurutze Gorriak kudeatzen du. Aterpetxea udan gaitu zen Gipuzkoako udalerrian, eta, orain arte, egunez itxita egoten zen, gauez soilik irekitzen baitzuten.

Pertsona migratzaileei ematen zaien arretan, wifi konexioa, gosariak, bazkariak eta afariak eskaintzen ditu aterpetxeak. «Erakundeen artean lortutako hitzarmenari esker, aurrerantzean, Europa erdialderako bidaian EAEra iristen diren pertsona migratzaileek egunez ere babeslekua izango dute aterpetxean», azaldu du Lakuak.