INFO

Umeek udazkeneko besta birsortzea eragin dute

Egunotan uda bukatu eta negua iritsi dela ospatzen dugu. Iluntasuna dator: lurrak janari gutxi ematen du, babestu egiten gara, eta heriotzaz oroitu. Atzo Gau Beltza edo Arimen Gaua izan zen; gaur, aldiz, eske erronda eginen da. Haurrak protagonista dituen jaia da.


Umeen ikuspegitik ikertzea ariketa berria da. Adinekoen testigantzak jasotzea presazkoa da, gainerakoan galdu eginen direlako. Baina gutxitan jasotzen dira haurtzaroko bizipenak haurtzarotik kontatuta. Eta horixe egin dute Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek, 2015ean Eibarko Udalak eta UEUk eman zieten Juan San Martin ikerketa bekaren laguntzaz. “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa” liburuan jaso dute emaitza, gaurko dataren inguruan sortzen ari diren jai berrien ingurukoa.

Bi asteotan herriz herri hitzaldiak ematen ibili dira, jendeak eskatuta. Jakin-mina badago. Altunak dioen bezala, sortzen, birsortzen, aldatzen eta oroitzen ari garen besta bat da. «Haurrak Halloween ospatzen hasi dira, AEBetako jaia, ikus-entzunezkoen bidez ailegatu zaiena. 10-15 urteotan hori ospatzen hasi dira kaleetan. Eta horren erreakzio gisa, helduek (gurasoek eta aisialdi taldeek) beste festa eredu bat planteatu dute». Hortaz, haurrak besta hau birsortzearen eragile izan dira.

Halloween jai arrotz gisa hartu izan da, baina, ikertzaileak dioenez, joan-etorriko ospakizuna da, hagitz antzinakoa, udatik negurako trantsizio garaian egiten dena. Europatik iritsi zen AEBetara, batez ere Irlandako etorkinen bidez.

Bitartean, Nafarroako herri txiki ugaritan, Etxauri ibarrean, Eugin eta Zubirin kasu, aspalditik (gutxienez XIX. mendetik) gorde dute haurrek etxez etxe eske erronda egiteko ohitura. Gaur eguerdian aterako dira eta herri bakoitzean esamolde ezberdin bat erabiliko dute. Adibidez: «Txandulo mandulo, echa castañas». Gaztain eta intxaurrak jasoko dituzte.

Altuna eta Ozaita adinekoekin mintzatu dira eta ikusi dute kalabazekin eta kandelekin jolasteko ohitura Euskal Herri osoan zabaldua zegoela antzina, Europa osoan bezala. XX. mende erdian erabat desagertu zen erritu hori gurean, baita «oroitzapenetik ere ia-ia. Umeen kontua zenez, ez zitzaion garrantzirik eman. Azken hamarkada honetan, umeekin batera, kalabazen jolas hori oinarri hartuta, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen hasi dira herri ugaritan, beldurra, mozorroak eta iluntasuna erabiliz».

18 hilabetez ibili dira azterlan hau egiten Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoak eta, beren ustez, ikertzen jarraitu behar da. Horretarako, hari mutur batzuk utzi dituzte; norbaitek heldu nahi badie, gustura aski lagunduko diote. Haurrak erdigunean jartzea funtsezkoa izan da beren lanean eta txikien ikuspuntutik ikertzea lan ildo interesgarria da. «Festak beraiekin batera bizi izan ditugu. Elkarrizketa eta talde eztabaidak egin ditugu gero haur eta gaztetxoekin, eta beren haurtzaroaz galdetu diegu, nola bizi duten egunerokoa...». Ikerlariontzat garrantzitsua da jai hauek planteatzerakoan haurren protagonismoa kontuan hartzea eta zer nahi duten eta zergatik galdetzea.

«Jai oso indartsua da, osagai oso erakargarriak dituena: iluntzean lehenengotako aldia da lagunartean irteten direna. Mozorrotu daitezke, sustoen faktorea dago, goxokiak jaten dira... Haientzat festa perfektua da!».

Beldur eragileak, mutilak

Aztertzeko bertze gai bat genero rolena da, Jaime Altunak aipatu duenez. Izan ere, arakatu dituzten kasik toki guztietan jaso dituzten testigantzek azaltzen dutenez, kalabazei aurpegi forma ematen zieten izua sortzeko asmoz, baina jolas horietan beldur eragile gisa mutilak agertzen ziren normalean. Neskak gehiago ziren beldurra edo ikara jaso behar zutenak. Rol horiek hagitz zabalduak zeuden iraganean, eta gaur egun ere bai. Errepikatu egiten dira.

Heriotzaz hausnartzeko aukera ere ematen du iluntasunarekin lotutako besta honek. «Tabua da heriotza. Alde horretatik bai, bada ezberdintasuna lehengo garaiaren eta oraingoaren artean. Iker daiteke festa honek zer funtzio bete dezakeen haurrek heriotzaz duten jakin-mina asetzeko eta horretaz hitz egiteko», proposatu du antropologoak.