Garaipena lortu du Athleticek etxetik kanpo, eta berdindu egin du Realak Zubietan
1-2 irabazi du Athleticek Espanyolen aurka etxetik kanpo jokatu duen neurketa. Realak, aldiz, eta irabazten hasi bada ere, ezin izan du garaipena lortu Zubietan Albaceteren aurka (1-1). [Emaitzak eta sailkapenak]
Bederatzigarren minutuan, neurketa hasi bezain pronto eta lehenengo gol aukera aprobetxatuta, jarri da markagailuan aurretik Athletic Espanyolen aurka, etxetik kanpo. Buruz egin du gola Nekane Diezek, Lucia Garcia Cordobak jarritako baloia sareetara bidaliz.
Markagailuan aurretik, erasoan jarraitu dute zuri-gorriek, eta bizpahiru aukera izan dituzte markagailuan huts eta bikoa jartzeko. Norberak barkatzen duenean, baina, kolpea jaso ohi da, eta halaxe gertatu zaio Athletici, 29. minutuan Mariak banakoa egin duenean.
Saiatzen ari zen Athletic, eta iritsi behar zuen ondo merezitako sariak. 74. minutuan iritsi da hau, Erika Vazquezen bidez. Sekulako gola egin du aurrelari bilbotarrak, baloia atezainaren gainetik altxa eta eskuadratik sarera bidaliz.
Ez du zorte bera izan Realak. Etxean jokatu dute txuri-urdinek Fundacion Albaceteren aurka. Ondo hasi dute hauek ere neurketa, hamaikagarren minuturako markagailuan aurrea hartuz. Kiana Palaciones mexikarra izan da golegilea.
Ondo ari zen defenditzen Reala, eta izan du Nahikari Garciak bigarrena sartzeko aukerarik, baina gola bisitariek egin dute, atsedenaldira iritsi aurretik. Bulatovic izan da golegilea, 40. minutuan.
Bigarren zatian bisitariek egin dute gora, eta gertu izan dira bigarrena egitetik. Zutoinera bidali dute baloi bat 60. minutuan, eta adi ibili da Mariasun Realeko atezaina 66.ean. Egin du Realak golik ere, baina balio gabe utzi du epaileak Cristina Pizarro jokoz kanpo zegoelakoan.