Euskal Boxeo Federazioa Nazioarteko Federazioko kide ofizial gisa onartu dute
Euskal Boxeo Federazioa Nazioarteko Boxeo Federazioko (IBF) kide ofizial gisa onartu dute. Biltzar eta hauteskundeetan eta boxeo arautegietan bozkatzeko aukera emango die aitortza ofizialak, eta hiru urte barru ere zuzendaritza-karguak hartzeko aukera ere izango dute.
Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazioko idazkari tekniko Bartolome Torralba, Basque Team Fundazioko koordinatzaile Olatz Legarza, Kerman Lejarraga boxeolaria eta Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Bilbon iragarri dute Euskal Boxeo Federazioa Nazioarteko Boxeo Federazioko (IBF) kide ofizial gisa onartu dutela.
Euskal Boxeo Federazioaren izenean, Torralbak urrats honen garrantzia nabarmendu du, nazioartean ospe handia duen erakunde bat den heinean. «Boxeoa kudeatzen duten nazioarteko lau erakundetako bat da IBF. New Jerseyen (AEB) du bere egoitza eta ospe handia dauka nazioartean. Nazioarteko aitortza ofizial hau berri oso ona da, berez, Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazioarentzat», nabarmendu du.
IBFko kide izateak biltzar eta hauteskundeetan eta boxeo arautegietan bozkatzeko aukera emango dio Euskal Federazioari. «Kide gisa hiru urte eman ondoren, zuzendaritza-karguak hartzeko aukera ere izango dugu», azaldu du.
Gainera, euskal boxeolariek mundu mailako sailkapenetan dituzten posizioak defendatzeko aukera izango dute eta «lehentasuna izango dugu Euskadin nazioarteko txapelketak edo torneoak antolatzeko», aipatu du.
Redondok esan duenez, «ikuspegi juridiko batetik, federazioen eta, bere kasuan, euskal selekzioen ofizialtasuna eta nazioarteko aitortza zenbait kiroletan da posible, ez guztietan. Aitortza hori lortu ahal izateko eskaria formalki egin beharra dago. Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazioak pausu hori eman du eta, egun, boxeoaren arloan nazioartean prestigioa duen erakunde bateko kide ofiziala da».
Lakuako ordezkariak ere nabarmendu du pausu hau «mugarri bat» dela euskal federazioen nazioarteko aitortzaren ikuspegitik.
Kerman Lejarraga, Basque Teamen
Agerraldian, Redondok iragarri du Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarra Basque Teameko bekadunen zerrendan sartu dela eta Lakuako Gobernuaren mende dagoen fundazioaren babesa jasotzen hasiko dela.