Hezkuntzako arloko eragileek bat egin dute Euskaraldiarekin
Hezkuntza arloko eragileek Euskaraldiarekin bat egin eta atxikimendu dokumentua sinatu dute. Hezkuntza komunitateko kide diren herritarrak aktibatzea izango dute helburu, eta horregatik, guraso, hezitzaile eta 16 urtetik gorako ikasleak «ahobizi» edo «belarriprest» rolak hartzera animatuko dituzte.
Hezkuntzako eragileek prentsa agerraldia egin dute Bilboko Euskalduna jauregian Euskaraldia antolatzen ari diren erakundeetako ordezkariekin batera. Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidenteordea izan dira ekitaldian.
Hezkuntzako eragileei dagokienez, AICE-IZEA, Biga Bai Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea, COAS hezkuntza taldea, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, Elizbarrutiko Ikastetxeak, Euzko Ikastola Batza, HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa, Ikas Bi Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea, Ikastolen Elkartea, Ikaslan Euskadi, Kristau Eskola, NIZE Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen elkartea, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa eta Sortzen elkartea egon dira ordezkatuta ekitaldian.
Euskaraldia hilaren 23an hasiko da eta dagoeneko dena prest dago abenduaren 3ra arte «ahobizi» eta «belarriprest» rolei eusteko. Hamaika egunetan zehar, antolatzaileek egunero helaraziko dituzte aholku eta laguntza mezuak, partaideek ariketa eroso egin ahal dezaten. Era berean, joan den astean aurkeztutako unitate didaktikoak Euskaraldiaren webgunean eskuragai daudela gogoratu dute antolatzaileek.
Gainera, oraindik ere www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez izena emateko aukera dagoela gogoratu dute.
Euskaraldia abiatu zenetik ekimena zabaldu eta ekarpena egiteko prest agertu dira hezkuntzako eragileak. Horrela, bada, asko dira herriz herriko lantaldeetan lanean izan eta Euskaraldiaren sustatzaile bihurtu diren hezkuntza arloko entitateak.
Arrate Illarok azaldu duenez, «Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago. Erabaki kontzientea da. Baina hezkuntza sarean ez dira soilik haur eta nerabeak batzen. Horregatik garrantzi handikoa da elkarlanean egiten ari garen lana».
Bestalde, hezkuntzak euskararen erabilera sustatu eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko egin dezakeen ekarpena nabarmendu du Bingen Zupiriak. Azken hamarkadetan «euskararen arloan izan den gertakizunik aipagarriena euskal hiztunen areagotzea» izan dela ziurtatu du.
«1991az geroztik 223.000 hiztun irabazi ditu euskarak, eta hezkuntza sistemaren euskalduntzea funtsezkoa izan da bide horretan. Hezkuntza sistemari esker, euskarak hiztunak irabazten jarraituko du, prozesu hori geldiezina baita. Horrekin batera, uste dugu hezkuntzak ekarpen handia egin dezakeela hiztunak aktibatzeko bidean», azaldu du.
Transmisioa
Era berean, Beñat Arrabitek hezkuntza sistemaren lana goraipatu du: «Hemen bilduak diren hezkuntzako eragileek funtsezko lana egiten dute euskara biziberritzeko, euskara transmititzen baitute eta hiztun berriak sortzen baitituzte».
Ildo horretan, transmisioaren bi funtzio azpimarratu ditu: «Hizkuntza ikasteko prozesuan beharrezko etapa da, eta identifikazio fenomenoari ihardesten dio. Helduak euskaraz mintzatzeak, batez ere eguneroko bizian, ikaskuntza prozesuan diren haurrei hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko gogoa ematen die. Horregatik inportantea da, gurasoek parte har dezaten Euskaraldian. Euskara ikasten duten haien haurrei erakusteko helduen hizkuntza dela, baliagarria dela eta ez dela bakarrik eskolako mintzaira».
Azkenik, Elena Lakak hezkuntza komunitatearen eta kalearen arteko lotura nabarmendu ditu. Bere hitzetan, «ikastetxeek herritar sare zabala batzen dute, eta, era berean, herritar hauek kalean daude. Ikastetxean sortzen den mugimenduak herri osoan izaten du emaitza, Euskaraldiaren aurrekaria izan zen Egiako aktibazio dinamikan ikusi genuen bezala».
Era berean, azpimarratu du hezitzaile eta gurasoak haurren erreferente direla eskola eremutik kanpo ere.