Larrabetzu euskarari musu emateko prest
Euskaraldia abiatzeko zazpi egun falta direnean, motorrak berotzen ari dira kalean eta sarean.
Zazpi egun besterik ez dira falta Euskaraldia abiatzeko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko aktibazio ariketa izan nahi du eta azaroaren 23a eta abenduaren 3aren artean euskaraz bizitzera gonbidatu nahi ditu gure herrialdeko aho bizi eta belarri-prest guztiak.
Ekimena 2016tik aurrera herriz-herri hedatzen joan diren aktibazio sozialeko esperientzietan du jatorria, baina oraingoan hamaika egunez Euskal Herri osoan aldi berean izango da ariketa.
Han eta hemen, eskolan eta kalean, lantegi eta etxean, motorrak berotzen ari dira. Giroa berotu eta herritarrak Euskaraldira hurbiltzeko hamaika ekimen, hitzaldi edota bideo egiten ari dira egunotan Euskal Herri luze zabalean. Horren adibide, Larrabetzutik iritsi den bideo hau. Praktikatuko dugu?
Izen emateko aukera
Euskara praktikan jarri nahi duten herritarrak izena emateko tenorean dira oraindik. Izena emateko, webgune orokorrean zein herriz herri jartzen ari diren postu eta lekuetan datuak eman beharko dituzte, eta Euskaraldian zehar erabiliko duten txapa jasoko dute bueltan.
Izen-ematearen inguruan informazioa emateaz gain, prestakuntza saioak ere eskaintzen ari dira egunotan, 11 egun horietan zehar nola jokatu jakiteko.
27 erakunde eta entitate daude Euskaraldia sustatzen. Tartean, Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, Nafarroako eta Lakuako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoa eta Herri Elkargoa, Euskaltzaindia, Eudel edota UEMA.