INFO

Erronkak eta helburuak hizpide, Eusko Ikaskuntzaren kongresuaren azken egunean

Ez ditu edozeinek 100 urte betetzen, ez gizaki eta ez erakundek. Bada Eusko Ikaskuntzak lortu du urteurren esanguratsu horretara iristea, eta gaur goizean hasita ari da ospatzen Oñatin. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua gaur eguerdian bukatu da San Miguel elizan, EI-ko lehendakari Iñaki Dorronsororen eta kongresuko presidente izan den Xabier Alkortaren hitzaldiekin; jardunaldietatik sortutako erronkak eta helburuak zeintzuk diren laburtu dute.

Familia argazkia atera dute Eusko Ikaskuntzako kideek kongresuaren bukaeran. (Gotzon ARANBURU)

This browser does not support the video element.


Aurretik, ordea, kongresuak izan dituen lau ataletako arduradunek azaldu dute horietako arlo bakoitzean landutakoa. Prospektikerreko Ibon Zugasti ‘Mundua: joera globaletatik tokian tokiko agertokietara» gaiaz aritu da. Mugaz gaindiko agenda, unibertsitateak behar duen aldakuntza, gazteei Euskal Herrian lan egiteko eta bizitzeko aukera eman beharra, herri txikien etorkizuna bermatu beharra… izan dituzte hizketagai.

Julen Zabalok, Josu Amezagak eta Mikel Irizarrek ‘Jendartea: nortasun anitza’ gaia jorratu dute. Gizarte kohesioari dagokionez, joera baikorrak eta ezkorrak aipatu ditu Zabalok. Lehendabizikoen artean, helburu amankomunak lortzeko euskaldunok auzolanean aritzeko daukagun joera. Euskal gizartearen aniztasun kulturalaz jabetuta eta bazterkeriak albo batera utzita, euskara tresna garrantzitsua izan daiteke identitate partekatuaren eraikuntzan, eta ondorioz kohesioan, Zabaloren hitzetan. Joera ezkorren artean, Euskal Herria administratiboki bi estatutan eta hiru administraziotan banatua egotea.

Josu Amezagak euskal komunikazio sistema indartu beharra azpimarratu du. Euskal Herrirako Komunikazio Plan Estrategikoa adostea eta martxan jartzea proposatu du, eta esan du Euskal Informazio Agentzia bat izan daitekeela eragiteko bide garrantzitsuenetako bat, baita Euskal Herria osoa hartuko duen telebista sortzea ere, hiru administrazioen mugak gaindituz. Alemaniak eta Frantziak elkarrekin martxan jarritako Arte telebista katea aipatu du adibide gisara.

Jone Goirigolzarri zen ‘Euskaraz garaitu nahi duen komunitatea’ aritzeko izendatutakoa, baina gaixorik dagoela eta Mikel Irizarrek hartu du bere tokia. Hizkuntzaren ezagutzaren eta gaitasunaren beharra aipatu ditu, eta portaera aktiboak proposatu.

Euskalgintzan aliantzak

Esan beharra dago kongresuko parte-hartzaile asko eta asko Euskaraldiaren txapa jantzita ibili direla. Euskalgintzak aliantzak ezinbestekoak direla esan du, baita gizartearen atxikimendua ere. Euskara lan hizkuntza izatea ezinbestekotzat jo du, batez ere gazteen artean, eta hedabideek zein paper garrantzitsua duten nabarmendu du, neska-mutilek eskolan jasotako hizkuntza garatu ahal izan dezaten.

Garbi hitz egin du Joseba Zalakainek ‘Ongizate eredu bat’ atalean, esan baitu egun daukagun ongizate sistema joan den mendeko 70. hamarkadarako pentsatua dela eta gaur egun bi aukeren artean hautatu beharra dagoela: dagoenari eusten saiatu edo beste eredu bat sortzen saiatu. Bigarrenaren aldeko apustua egin du, eta zentzu horretan fiskalitatea birpentsatu beharra dagoela nabarmendu du, eta aipatu du nola Frantzian ere, non zergak hemen baino altuagoak diren, arazo latzak dituzten ongizate sistemari eusteko. Aipatu du, halaber, nola Europako zenbait herrialdetan dependentzia politikei eusteko zerga bereziak ezartzen ari diren. 

Horretaz gain, inbertsio soziala bereziki familiei eta gazteei zuzentzeko deia egin du, inola ere adinekoak baztertu gabe. 

Ondoren, Ane Bustinduyren txanda izan da, eta honek ‘Belaunaldiarteko elkarkidetza’ atalean hainbat puntu aipatu ditu: norberaren autonomiarako politikak sustatzea, pertsona adintsuenek metatutako ezagutza eta esperientzia baliatzea, gazteei dauden aukerak topatzen laguntzea, eta familia, haur eta gazte politikak sustatzea eta belaunaldien arteko elkartasun itun berri bat lortzea. Azken arlo honetan, Bustinduyk proposatu du ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko prestazio ekonomiko unibertsal bat sortzea Hego Euskal Herrian, egun Ipar Euskal Herrian dagoenaren antzekoa.

Enpresa eta enplegua

Enpresaren eta enpleguaren arloa Tomas Arrietaren ardura izan da, eta honek argi esan du euskal lurraldeen arazo nagusia mundu garatu osoak duenaren oso antzekoa dela, alegia, arrazoizko epe batean egungo hazkunde eredua aldatzea, zeina lineala eta mugagabea balitz bezala sortu zen eta kudeatzen jarraitzen dugun. Esaterako, lan harremanek eredu berria behar dutela aipatu du, eta bereziki azpimarratu du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna bukatu beharra, emakumeak prezio garestiegia ordaindu behar izan baitu lan merkatuan sartzeko.

Kongresuaren azken atala ‘Gobernantza, demokratizazioa ardatz’ izan da, eta bertan hitza hartu duen lehena Amalur Alvarez izan da. Euskal Herriak munduan ikusgarritasuna irabazi beharra, Europan duen kokapen eta eragina sakondu beharra, frantziar eta espainiar estatuekin harreman berriak ezartzea, eta euskal lurraldeen arteko harremanak sendotzea, horiexek Alvarez azpimarratutako batzuk. 

Landaguneak identifikatzeko eta funtzioa emateko beharra izan da Irune Lasak bere atalean aipatu duen puntuetako bat, eta landaguneetako proiektu endogenoak martxan jartzea. Euskal lurraldeen mapa mentala indartzeko deia ere egin du, baita prozesu parte-hartzaileak indartzeko ere. «Gure lurraldeak utzi egin behar dio elipsi bidez adierazteari, esplizituki adierazi behar da» esan du, Imanol Esnaolak Bilbon esan zuenari helduta. 

Antton Mayak eman dio goizeko saioari bukaera, ‘Gobernantza demokratikoa’ atalari helduta. Ipar Euskal Herriko ikuspuntua, eta gazteena, ekartzeko asmoarekin aritu dela kongresuan esan du Mayak. Salatu du politikaren profesionalizazioa, erabaki guneen urruntzea, eta gazteen protagonismo eskasa. «Hortik dator apatia politikoa eta instituzio politikoei buruzko konfiantza eza» adierazi du, eta kuota sistemak ezarri beharra aipatu du. Prozesu parte-hartzaileak eta mugaz gaindiko ekimenetan ezin dela azalean geratu nabarmen du, eta ekonomia aldetik soldaten hobetzea eta ongizatzea bermatzea beharrezkoak jo ditu. «Pourquoi si je parle en français en Oñati personne me comprend?» eta «¿Por qué no se me entiende si hablo castellano en Baiona?» ere galdetu du. 

XVIII. Kongresuaren lehendakari izan den Xabier Alkortak nabarmendu duenez, «korapiloak baditugu, baina garuna ere bai. Duela ehun urteko erronka askori heldu diegu, baina berriak etengabe sortzen dira. Denei erantzungo die Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriak».

Bere aldetik, EI-ko lehendakari Iñaki Dorronsorok parte-hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie eta «Eusko Ikaskuntza gizarte zibil dinamikoenaren isla da, duela ehun urte bezain beharrezkoa da, ilusio berrituaz gaude. Geroa elkarrekin, etorkizunak batuko gaitu» esanez klausuratu du Eusko Ikaskuntaren 100. urteurreneko kongresua.