INFO

«Gardentasun falta», erraustegiari buruz aritzean aho batez nabarmentzen den pertzepzioa

Zubietako erraustegi proiektuaren gainean Gipuzkoan egin diren parte-hartze saiakera guztiek, Foru Aldundiarenak berarenak barne, bat egiten dute herritarrengan honako pertzepzioak nagusitzen direla esatean: «osasunerako arriskua», «gardentasun eza», «erakundeekiko mesfidantza» eta «parte-hartzearen defizita».

GuraSOS-eko bozeramaileak, agerraldian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hala eman du aditzera GuraSOS elkarteak prentsaurrekoan. Bertan, 2002tik gaur egunera arte egin diren lau ikerketak izan dituzte hizpide, hauen artean zaharrenean, jatorri instituzionala duenean, eginez azpimarra.

Gaurko agerraldiaren arrazoi nagusia, baina, iragan urriaren 20an Donostiako Tabakaleran eta 27an Mondragon Unibertsitatean bildutako Herritarren Epaimahaiaren emaitzak publiko egitea izan da.

Herritarren Epaimahaiak argitaratutako ondorioei dagokionez, aho batez nabarmentzen da erraustegiaren proiektuaren gaineko «gardentasun falta». «Pertzepzio hau, herritarrek erakundeekiko eta berauek herritarren interesak babesteko izan beharko luketen funtzioarekiko konfiantza maila galtze handitik dator», azaldu dute GuraSOS-eko kideek.

Bestalde, eta bide beretik, erraustegiaren zerikusirik duten administrazioek ez dute gutxiengo maila gainditzen honako eremuetan: ingurumen kontrolak, arautzeak, prebentzio ekintzak eta hondakinak murrizteko politikak.

«Arrisku faktoreak», bere aldetik, dimentsio berezia hartzen du: «Administrazioak ez ditu behar beste kontuan hartzen potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen instalazioek, esaterako erraustegiek, sortzen duten ziurgabetasuna, segurtasun eza eta beldurra».

Herritarren Epaimahaiaren ondorioak azalduta, Gipuzkoako Aldundiari eta Markel Olano diputatu nagusiari dei egin die GuraSOSek: hondakinen tratamenduari dagokionez, «osasuna eta ingurumenaren defentsarekin zerikusia duen bitartean», herritarren eta erakundeen arteko elkar-eragite bideak bilatzeko. «Oraindik garaiz gaude».