Abenduaren 6an Euskal Errepublikaren alde kalera ateratzeko deia egin du EH Bilduk
Euskal Errepublika aldarrikatzeko manifestazioa deitu du EH Bilduk abenduaren 6rako Bilbon, «egiazko demokrazia batean bizi nahi dugula esateko, zer izan nahi dugun eta zer nolako Euskal Herrian bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea daukagula esateko».
Abenduaren 6ko data ez du kasualitatez hautatu EH Bilduk Bilbon manifestazioa egiteko, izan ere 40 urte beteko baitira espainiar Konstituzioa onartu zenetik, eta data hori baliatuko du Euskal Errepublika aldarrikatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
«Bilboko kaleetara aterako gara argi uzteko Euskal Errepublika baten bizi nahi dugula, askatasunak, demokrazia eta justizia soziala oinarri izango dituen Euskal Herrian bizi nahi dugula, gaur egun eta azken 40 urteetan hori ez delako posible izan», nabarmendu dute Alba Fatuartek eta Oskar Matutek gaur eguerdian beste hainbat lagunekin egin duten agerraldian.
Adierazi dutenez, espainiar Konstituzioak ez ditu ordezkatzen «euskal gizartearen gehiengoaren pentsakera politikoa, soziala, kulturala eta ekonomikoa» eta «gure askatasunaren bermea izan beharko litzatekeena gure herriak bizi duen inposizioaren oinarria eta giltzarrapoa baino ez da».
Euskal herritarrek Konstituzioari ez ziotela «babes nahikorik» eman gogoratu dute eta Euskal Herrian soilik %30ak babestu zuela. Testu hura «kutsatuta eta helburu argi eta jakin batekin» jaio zen EH Bilduren arabera: «78ko Erregimena egonkortzea. Eta 78ko Erregimena 40 urteko garai ilun, inposizioaren eta eskubideen ukazioaren jarraipena baino ez da, hau da, 40 urteko diktaduraren jarraipena». Eta «guztiaren gainetik» dagoen helburua Espainiaren batasuna mantentzea dela salatu dute.
Katalunian gertatu dena adibidetzat aipatu eta hango herritarrei erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko tresnak eman zizkieten ordezkari politikoek espetxearekin edota erbestearekin ordaindu dutela gogoratu dute.
Euskal Herrian ere, «gehiengo politikoak eta sozialak nahi duten hori praktikan jarri ahal izateko urrats sendo eta eraginkorrak eman dituzten guztiek Konstituzioaren harresiarekin eta Espainiako Estatuko agintari politiko, judizial eta militarraren intolerantziarekin eta errepresioarekin topo egin dute».
Horregatik guztiagatik, abenduaren 6an Bilbora joateko deia egin dute.